Txillidak Legazpin egindako lanari aitortza, artistaren jaiotzaren mendeurrenean
Eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko ekitaldiak Legazpiraino iritsi dira. Udalak eta Lenburrek bat egin dute ospakizunekin, baita harekin lan egin zutenek ere.
Bihar 100 urte beteko dira Eduardo Txillida eskultorearen jaiotzatik (Donostia, 1924ko urtarrilaren 10a-2002ko abuztuaren 19a), eta urteurren borobil hori ospatzeko nazioarte mailan sona handia izango duen ekitaldi sorta antolatu du Eduardo Txillida-Pilar Belzunce fundazioak 2024-2025 urteetarako.
Txillidak lotura berezia izan zuen Legazpirekin, bere lan esanguratsuenetako batzuk bertan egin zituelako. Hori dela eta, Legazpiko Udalak eta Lenbur Fundazioak ere bat egin dute ospakizunekin, eta ekitaldi batzuk herrian bertan egingo dira gainera.
Ospakizun horietara batu dira, baita ere, eskultorearekin lan egin zuten langileak, eta duela egun batzuk Txillida Lantokia museoan elkartu dira, taldeko argazkia ateratzeko.
Etxeberriaren lantegian
Eduardo Txillidaren izenak harreman estua du Legazpirekin, besteak beste Patrizio Etxeberriaren lantegian forjatu zituelako hainbat lan, horien artean Haizearen orrazia eskultura entzutetsua.
Etxeberriak berak gonbidatuta iritsi zen Txillida Legazpiko lantegira. Arantzazuko basilikaren ateak egiten ari zela ezagutu zuten elkar; Txillidak ezin zituen behar bezala moldatu, eta Etxeberriak bere lantegia eskaini zion ate haiek forjatzeko. Etxeberriak pabiloi bat prestatu zion, hamar langileko talde bat eskaini zion, eta 25 tona altzairu oparitu zizkion.
Ondoren etorri ziren beste lanak. Madrilgo Reina Sofia museoan dagoen Toki-egin, Estatu Batuetako Dallas Hiriko Musika isila (Dallas), eta Liechtestein estatuan dagoen Askatasunaren atea ere han egin zituen. «Eduardo oso pertsona hurbila zen, eta harekin lan egitea luxu bat izan zen» gogoratzen dute orain erretiratuta dauden langile haiek.
Txillida eta Lenbur
Txillidak, bestalde, Lenbur Fundazioaren sorreran parte hartu zuen eta lehen lehendakaria izan zen. Lenburrek oraindik mantentzen du Txillidatarrekin harremana, eta eskultorearen seme Luis da orain lehendakaria. Gainera, familiak utzitako hainbat materialarekin, artistari eskainitako Txillida Lantokia museoa osatu zuen 2010ean.
Hain zuzen, museo horretara bisita bereziak eskainiko dituzte eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko, baita Mirandaolara ere. Erakusketak, kontzertuak, zinema, dantza saioak, hitzaldiak eta langile haiei omenaldia izango dira beste ekitaldi batzuk.