Arto beltzak elkartutako baserritarra eta ekintzailea ferian
Mendarte baserriko Iñaki Intxaustik eta Ekotalo enpresako Julen Altzelaik arto beltzaren inguruan elkarrekin abiatutako proiektuak eman ditu emaitzak, eta iritsi dira Ordiziara, irin eta bulgur forman.
Berritasunerako garairik onena ez den honetan, bi produktu berri eta berritzaile iritsi dira Ordiziako feriara: irin morea eta artoarekin egindako bulgurra. Iñaki Intxaustik Zeraingo Mendarte baserrian ekoitzitako arto beltza dute oinarrian bi produktuek, artoaren mundua oso ondo ezagutzen duen Ekotalo enpresako Julen Altzelairen kemena eta jakinduriarekin batera. Gaurtik, ferian daude salgai, Intxaustiren postuan: 500 gramoko irin moreko zakutxoa, 8 euroan; eta 300 gramoko arto bulgur paketea, 5 euroan.
Julen Altzelai bera izan da gaur goizean ferian bi produktu berri hauek aurkezteko. Irinarekin hasi da, eta irina egin aurretik, artoa pregelatinizatu egiten dutela azaldu du, «termo tratamendu bat ematen diogu, 36 ordu edukitzen dugu labean tenperatura baxuan». Ondoren hasten dira irina edo bulgurra egiten, eta horren ondorioz saihesten dira artoak orokorrean ematen dituen digestio arazoak.
Arto beltzaren irina «taloak egiteko edo saltsak loditzeko» erabili daitekeela esan du, baina kontuz ibiltzeko ere bai, «ohi baino ur gehiago onartzen duelako, hau da, gutxi erabilita nahikoa da». Bulgurra, bestalde, arto beltzarekin egindakoa da baita ere, «kaloriatan baxua da, proteina indize altua du, eta zuntza ere asko du», eta kozinatzeko ur asko behar du, «100 gramoko, litro eta 200 ur behar ditu, eta 25-30 minutuz egosi».
Produktu berriak eta bereziak dira irin morea eta bulgurra, eta Altzelai prest agertu da azokan bertan egunen batean erakustaldi gastronomiko bat egiteko.
Gazta berria iristear
Gaurko ferian arreta Iñaki Intxaustiren postuan egon da jarrita, baina kontu gehiago ere izan dira, ardi esnearekin egindako gazta berriarekin lotutakoak, hain zuzen. Izan ere, denboraldiko lehen ardi gazta aste hauetan iritsiko da, eta horren aurrekari gisa gaztanbera dute salgai dagoeneko Itziar Etxeberriaren postuan. Amezketako Oteiza-Goikoa gaztanbera da, eta 250 gramoko tarrinatan ari dira saltzen, 2,5 euroan.
Perretxikorik, bestalde, ez da izan gaur, eta badirudi datozen asteetan ere ez dela izango. Hala ere, gogoz ez geratzeko, Mikel Lasaren postuan oliotan kontserbatutako onddoak dituzte salgai, bi formatu desberdinetan: 350 gramoko poteak, 8,50 euroan, eta 265 gramuko poteak, 4,50 euroan.