Lan berriaren atarian, abesti eta bideo bat
John Dealer & The Coconuts taldeak asteburu honetan itxiko du kontzertu bira, eta atseden txiki bat hartuko du zuzenekoetan. Bitartean, abesti berriak aurkeztuko dizkiete jarraitzaileei.
Azkeneko kontzertu bira itxi gabe dute oraindik, baina proiektu berri batean murgildu dira Legazpiko John Dealer & The Cocunuts taldeko musikariak. Atzo abesti berri bat aurkeztu zuten Set on fire izenburupean, bideoklip eta guzti. Uda ondoren prestatu nahi duten diskoaren aurrerapena da.
Aste gutxi barru beste abesti bat kaleratuko dute, eta kontzertu bira berri bati helduko diote, asteburu honetan aurreikusita dituzten bi kontzertuen atzetik atsedenaldi bat hartu eta gero.
Soinu aldaketa
Iazko azaroaren 10-11ko asteburuan grabatu zituzten abesti berriak legazpiarrek Andoaingo Garate estudioan, eta Madrildik etorritako Ola Ersfjord teknikari suediarrak lagundu zien prozesuan. Noel Calvo taldekideak azaldu duenez, «Suedian oso ezagunak diren The Hellacopters edo Monolord taldeekin lan egiten du, eta harekin grabatzea nahi genuen. Orain arteko lan guztiak Beasainen grabatu ditugu, eta aire berria nahi genuen». Ukitu desberdina eman die suediarrak abesti horiei, baina «gure estiloarekin jarraitzen dugu».
Emaitzarekin oso gustura geratu dira, eta udako oporren ondoren berriz itzuliko dira estudiora Ersfjord-ekin batera abesti gehiago grabatzera, «disko bat osatzeko».
Hori taldearen bosgarren lana izango litzateke, baina momentuz Set on fire abestiarekin konformatu beharko dute jarraitzaileek. Abestiarekin batera, grabazioaren making off-a edo lanketa prozesua jasotzen duen bideoa ere argitaratu dute. Interneten dago entzungai eta ikusgai. Bigarren abestia otsail bukaeran aurkeztuko dute.
«Zuzeneko indartsua»
John Dealer & The Coconuts 2015ean sortu zen, eta gaur egun hasierako formazioarekin jarraitzen du. Iñaki Ormazabalek bateria jotzen du, Iñigo Caballerok gitarra, Andoni Dominguezek baxua eta Noel Calvok gitarra jo eta abestu egiten du.
Bide luze honetan maketa bat, bi disko eta EP bat grabatu ditu taldeak. Hasierako estiloari fidelak izan dira beti, «rock&roll nahiko purua egiten dugu, eta zuzeneko indartsua dugu, publikoari oso erraz iristen zaiona. Gainera, abestiak nahiko desberdinak direnez, erritmoa ere aldatuz joaten da kontzertuetan zehar, eta publikoak asko gozatzen du horri esker, guk bezala».
Pandemiak etenaldi bat ezarri zien jardunean, baina indarberrituta atera ziren handik, eta «azken bi urteetan dezente ari gara mugitzen, bai Euskal Herri mailan bai Espainia mailan». Azken urtean, esaterako, 30 kontzertuko bira bat egin dute.
Asteburu honetan bertan itxiko dute bira hori, gaur Zaragozan eta bihar Bartzelonan egingo dituzten kontzertuekin. Atseden txiki bat hartuko dute gero, eta martxoan berriz ekingo diete zuzeneko emanaldiei, «martxoaren lehen astebururako lotuta dugu kontzertu bat, baina agian lehenago hasiko gara, eta hortik aurrera gehiago ere badigu».