"Elikagai sistema kontrolatzen duten enpresa berak dira haragi artifiziala lantzen ari direnak"
Haragi sintetikoa sortzeko Biotech Foods enpresak Donostian irekiko duen lantegitik hasi, eta Olaberriko Etxeberri Goikoa baserrian duten ereduaz hitz eginez amaitu du olaberritar abeltzainak 'Argia'-n egin dioten elkarrizketa. Bideoa, albiste barruan.
Egonarria, lurrari entzuten dion saioak bigarren denboraldia abiatu du, hainbat aldaketarekin. Eli Pagolak eta Mattin Jauregik jarraituko dute saioa aurkezten, baina bakoitzak hasi eta buka bere saioa izango du: Eli Pagolak Argia-ko platoan gaurkotasunezko gai bati buruzko elkarrizketa egingo dio lehen sektorean lanean ari den jendeari, eta Mattin Jauregi, berriz, laborariengana joango da, haietako baten esperientzia kontatzeko. Lehen saio honetan, Eli Pagolak haragi sintetikoa izan du aztergai haragi eta esneki ekologikoak lantzen dituen Olaberriko Etxeberri Goikoa baserriko Aitor Aranburu Anbu-rekin.
Haragi sintetikoaz
2024an Donostian zabalduko da Biotech Foods enpresaren eskutik lantegiko haragiaren Europako lehen fabrika handia. Abereei biopsia eginda giharretako zelulak hartzen dizkiete eta altzairuzko tankeetan elikatzen dituzte, hazi daitezen. Haragi sintetiko hau ondoren haragi prozesatzaileei saltzen diete.
Pagola aurkezleak dilema planteatu dio zorrotz: “Elikadura jasangarria eta ona iragartzen ditu Biotech-ek pertsona, animalia eta Lurra planetarentzat. Abeltzaintzari egozten zaio kutsakorra izatea, behien kasuan metano isuriak eragitea, begiratu besterik ez dago hainbat etxalderen gertuko errekak nola izaten diren…”. Aranbururen erantzuna: “Gaur egun mezuei ezin zaie kasu askorik egin, Biotech-ek erabiltzen dituen mezu horiek erabiltzen dituztelako abeltzain industrialek eta jende guztiak, egiten dutena egiten dutela ere. Kasik sinetsarazi nahi digute modu altruistan ari direla, gainontzekoen onagatik bakarrik.
Haragiaren mafiez
Pagolak azaldu du nor den Donostian 11.000 metro koadroko lantegia zabalduko duen Biotech Foods: bertako akziodun nagusi du Brasilgo JBS enpresa da, haragi industrian mundu mailan pisu nabarmena duena, Amazoniako deforestazioan esku-hartze handia duena… Aranburuk jarraitu dio: “Nork kontrolatzen du hori? Mafia modukoak sortzen dira. Hemengo haragi industriara etortzen bagara ere, eskala txikiagoan baina mafia batzuk daude. Gaur egungo elikagai sistema kontrolatzen duten enpresa berak dira alternatiba hau lantzen ari direnak. Guk sinesten dugu eredu deszentralizatu batean, agroekologia bidez, baserritar txikiekin inguruko beharrak asetzean. Eta normalean sistemak ez du eredu deszentralizatua nahi, kontrolatzeko eredu zentralizatu bat nahi du”.
(…)
Haragi gutxiago jatearen alde dagoen abeltzaina
Egun nagusi den eredua ukuilu industrialena da. Bi kritika nagusi egin dizkio Aranburuk: “Askotan bertakotasunaz hitz egiten da baina bertakotasuna ez da nahikoa, txekorren kasuan hemen egon daitezke txekorrak gizendegietan, baina Argentinako artoa eta Brasilgo soja transjenikoa jaten ari badira, haragi horrek ez dauka KM-0tik ezer. Eta sozialki ere ez”.
(…)
Hamar behirekin bost langile, posible da
Beste muturreko eredua da Olaberriko Etxeberri Goikoa baserrian bost langilek lantzen dutena, herritarren eskura elikagaiak jarriz Behieko gaztak eta Goieko haragia izenean. Fabrika antzekoak diren ukuilu gero eta handiagoak dira nagusi Euskal Herrian, eta Etxeberri Goikoan, aldiz, hamar behi baino ez dituzte: “Guk esne behiak dauzkagu eta esneak hori ahalbidetzen du, lur gutxirekin esne asko ekoiztea, gero gazta egiten dugu, haien txekorrak hazten ditugu eta haien haragia saltzen dugu bai etxez etxe eta bai jatetxeetara… Gure egungo erronka ez da bideragarritasuna, hori jada lortua dugu, gure etorkizuneko erronka lan antolaketa da eta gure lan baldintzak hobetzea, elkarren babesa bilatuz”, azaldu du Aranburuk.
(…)
Elkarrizketa osoa Argia.eus webgunean.