Emaneurre-ren bertso afarirako txartelak salgai daude
Julio Soto, Alaia Martin, Maddi Aiestaran eta Iker Zubeldia bertsolariak izango dira aurten otsailaren 9ko bertso afarian. Sugaar, Amonane eta Kirkilen erosi daitezke tiketak, 40 euroan.
Emaneurre taldeak urtero Tximista Sagardotegian antolatzen duen bertso afarirako txartelak salgai daude dagoeneko. Julio Soto, Alaia Martin, Maddi Aiestaran eta Iker Zubeldia bertsolariek parte hartuko dute aurten, Igor Egurenek emandako gaiekin. Otsailaren 9an izango da, 20:30ean. Txartelak Sugaar, Amonane eta Kirkil tabernetan erosi daitezke, 40 euroan (sagardotegiko menua+bertso saioa).
2012an antolatu zuen Emaneurrek lehenengo bertso afaria Ordiziako sagardotegian, Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin bertsolariekin. 2013an ere egin zuten. German Urteaga eta Joanes Etxaide aritu ziren urte hartan bertsotan. Bost urteko etenaldiaren ondoren, 2019an berreskuratu zuten saioa, taldearen 10. urteurrena aitzakia hartuta. Maialen Lujanbio Euskal Herriko txapelduna eta Aitor Sarriegi eta Iker Zubeldia izan ziren gonbidatuak.
Harrezkero urtero antolatu dute bertso afaria. 2020an Zaporeak elkartearekin elkarlanean egin zuten, eta Lesbosera bidali zuten bildutakoa. 2021ean, pandemia betean, Iker Zubeldia, Jon Maia eta Oihana Iguaran gonbidatu zituzten. 2022koa ere pandemiak baldintzatu zuen, baina neurri arinagoekin. Iker Zubeldia, Nerea Ibarzabal eta Saioa Alkaiza izan ziren Ordizian urte hartan. Antolakuntza “pozik” agertu zen saio horrekin, “egonkortzen eta izena hartzen” ari delako ordutik.
Iaz, lau bertsolari izan ziren Tximistan: Iker Zubeldia, Maialen Akizu, Joanes Ilarregi eta Nerea Ibarzabal. Euskal Herriko Txapelketako urtea izanik, bertso saio “piloa” zeuden inguruan, baina “jendeak ondo erantzun zuen”. 145 lagun elkartu ziren. Aurten, otsailaren 9an ere giroa ona eta herritarren partaidetza espero du Emaneurrek.