Euskal Herriko Txapelketa hasi dute Oianguko taldeek
Aurten taldeka jokatuko da Euskal Herriko Txapelketa. Elkarren aurka jokatu zuten oiangutarrek larunbatean. Udaberri Sarian bi bikotek parte hartuko dute.
Urte berriarekin batera, eta Gipuzkoako pala motzeko txapelketa amaituta, Oiangu Pilota Elkarteko palariek Euskal Herriko Txapelketa hasi dute. Aurten, berritasun bezala, taldeka jokatuko da txapelketa. Oianguko bi taldek parte hartuko dute, guztira zortzi pilotarik. Jardunaldi bakoitzean bi partida jokatuko dituzte talde bakoitzeko bikoteek, paleta larruzko eta pala motzeko bana.
Imanol Olaranek, Xabier Naldaizek, Josema Garridok, Hodei Irastorzak eta Aimar Etxeberriak osatuko dute talde bat (Oiangu A), eta bestea Aitor Otegik, Aratz Elorzak, Aitor Luzuriagak eta Zuhaitz Letamendiak (Oiangu B). Lehenengo partidak larunbatean jokatu zituzten Ordiziako Beti Alai pilotalekuan bi taldeek, elkarren aurka. Lehen partida Luzuriaga-Elorzak irabazi zuen, 35 eta 34, Irastorza-Garrido bikotearen aurka, eta bigarrena Otegi-Letamendia bikoteak Naldaiz-Olaran bikotearen aurka, 40 eta 35. Hala, emaitza orokorra 75-69 izan zen, bi partidak kontuan hartuta, Oiangu B-ren alde.
Udaberri Saria
Gipuzkoa mailan, berriz, Udaberri Saria hasi da. Oianguko bi bikotek parte hartuko dute. Ostegunean jokatu zuten lehen jardunaldia Oiangu1eko Josu Oiarbide eta Mikel Samaniegok eta Oiangu2ko Aitor Gonzalezek eta Peru Ormazabalek, elkarren aurka, Beti Alain. Gonzalez eta Ormazabal gailendu ziren, 35 eta 34.