Goierriko Pentsiodunek kide helduenak omendu dituzte
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 6. urteurrena du aurten. Goierriko Pentsiodunek bost urte bete dituzte, urtebete beranduago hasi baitziren.
Goierriko Pentsiodunek kide helduenak omendu dituzte gaur goizean Ordiziako Plaza Nagusian egindako elkarretaratzean. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak 6. urteurrena du aurten, eta Goierriko Pentsiodunek 5. urteurrena, urtebete beranduago ekin baitzieten Goierrin protestei. Urteurrenaren harira, kide adinduenen lana aitortu dute eta urte hauetan hildakoengatik minutu bateko isilunea egin dute.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendukoek lortutakoa ospatu dute eta kalean “borrokan jarraitzeko” konpromisoa agertu dute, “mila arrazoi” baitituzte: “Onartezina da langileek, pentsiodunek eta oro har herritarrek ordaintzea bizitzaren igoerarekin, finantza-oligopolioen eta energia kudeatzaileen mozkin errekorrak. Onartezina da gero eta pentsiodun gehiagok uko egin behar izatea oinarrizko premiak asetzeari, hala nola, etxe erosoak izateari, osasunerako eskubideari, elikadura osasuntsuari eta erretiroaren ondoren diru-sarrera duin eta nahikoak bermatuta izateari”, aldarrikatu dute.
“Gutxieneko Pentsio Duina eta nahikoa lortu arte borrokan” jarraituko dute Goierrin ere. Eskualdeko hurrengo elkarretaratzea Beasainen izango da, astelehenean, 11:00etan.