Idiazabalgo Udalak sei milioi eurotik gorako aurrekontua onartu du
«Anbizio handiko» aurrekontuak dira alkatearen hitzetan. Inbertsioetarako 2.200.000 euro aurreikusi dituzte orotara. Gurutze Berri auzoko lanak dira inbertsio nagusiak.
Idiazabalgo Udalak 6.258.000 euroko aurrekontua onartu du 2024 urterako. Azaroan egindako osoko bilkuran onartu zituzten aurrekontuak, aho batez. Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkatearen hitzetan, «anbizio handiko» aurrekontuak dira, Idiazabal «herri bizi bat» izatea helburu dutenak. Bide batez, EH Bilduko udal gobernuak azken urteetan egindako lanari «jarraikortasun bat» ere emango diote konpromiso hauek. Idiazabalgo ohiko aurrekontu errealak «lau milioi eta erdiren ingurukoak» diren arren, Gurutze Berri auzoko lanen zati bati dagozkien «1.400.000 euro» sartu behar izan dituzte aurtengo aurrekontuan, eta hortik zenbakiok.
Gastuen atalari dagokionean, pertsonal gastuak eta gastu finkoak dira zati handiena eramango dutenak. Pertsonal gastuetara «1.246.000 euro» bideratuko dituzte eta gastu finkoetara «2.000.075 euro». Gastu finkoak «inbertsio» bezala ere ulertu behar dira Alberdiren iritziz, bertan sartuta baitaude «musika eskola, kirol zerbitzuak edo eguneko zentroari dagozkionak», besteak beste. Era berean, herriko elkarteekin eta eskualdeko erakundeekin dituzten hitzarmenak mantenduko dituzte (618.000 euro).
Txanponaren beste aldean, inbertsioetarako 2.200.000 euroko diru partida aurreikusi dute. Gurutze Berri auzoa eraberritzea izango da lan handiena, «1.400.000 euro», hain zuzen.
Bestelako inbertsioak
Gurutze Berrikoaz gain, «inbertsio dezente» aurreikusi dituzte datozen hamabi hilabeteetarako. Energia eraginkortasunari dagokionean bi lan garrantzitsu aipatu ditu Alberdik. Batetik, Zepai, Bikuña eta Galo Zudaire kaleetako argiteria Led sistema aldatuko da (300.000 euro); baita eskolako kiroldegiko eta Igarondo pilotalekukoak ere (31.000 euro). Ildo berean, AMPO paretik hasi eta Segurara doan bidegorrian argia jarriko dute (25.000 euro).
Etxebizitzaren gaiari dagokionean, Zepai auzoan udalak jabetzan duen orubearen plan partziala egingo dute (45.000 euro). Etorkizunean, bertan etxeak eraiki ahal izateko «lehendabiziko pausoa» izango da. Era berean, herrian dauden etxe hutsei irtenbide bat emateko asmoz, «dauden etxe hutsen gaineko inbentario» bat egingo dute. Horretarako sei hilabeterako pertsona bat kontratu dute.
Herri biziaren aldeko apustua
Irisgarritasunari dagokionean, Kale Nagusia 1 pareko espaloi zatia konpontzen hasiko dira (50.000 euro) eta udaletxe pareko egurrezko zubia ere aldatuko dute (40.000 euro). «Hezetasunaren eraginez usteltzen hasita dago eta beharrezkoa da aldatzea», dio Alberdik.
Landa eremuan ere urteroko inbertsioak aurreikusi dituzte. Baserri bide eta mendiko pistak konpontzeko 85.000 euro; lehen sektorea eta larre publikoetarako, 73.000 euro eta Urbizu auzora ura eramateko 100.000 euro.
Gizarte gaiei begira, gizarte zerbitzuetara bideratutako diru partida «%10 igo» dute; zerbitzu hauek hobetzea duten «erronka handietako bat» dela aitortu du alkateak. Gainontzean, azken urteetan ohitura dutenez, herriko haur parke bat eraldatuko dute (30.000 euro) eta etorkizunean herriko plaza birmoldatzeko ideiak biltzeko parte hartze prozesu bat jarriko dute martxan herritarrekin batera (15.000 euro).
Kultur jarduerek pisu handia dute aurrekontuetan, herri bizi baten mesedetan, urtean zehar antolatuko diren jai eta ekintza ezberdinetara bideratuko dutena.