Urrezko Domina jaso du CAFeko lehendakari Andres Arizkorretak
Gipuzkoako Urrezko Domina jasotzean, «jasangarritasuna, arrisku demografikoa eta adimen artifizialaren» erronkei ekitearen alde mintzatu da CAFeko presidentea. Ekitaldia egin bitartean, Palestinarren aldeko protestak izan ziren Gipuzkoa plazan.
Andres Arizkorreta Garcia CAF enpresako presidenteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren urrezko domina jaso zuen ostiralean, Gipuzkoako ordezkaritza sozial, ekonomiko eta instituzional zabalaren aurrean. Eider Mendoza diputatu nagusiaren eskutik jaso zuen domina Aizkorretak.
1956 urtean Donostian jaioa, Ekonomia Zientzietan lizentziaduna da Arizkorreta. CAFen lanean 1980an hasi zen, eta bertan egin du ibilbide profesionala, non ardura handiko kargu desberdinak bete dituen. 1992an, Administrazio Kontseiluko kide bilakatu zen eta konpainiako zuzendari nagusi izendatu zuten. 2006an, berriz, CAF taldeko kontseilari delegatu izendatu zuten, eta, 2015etik 2021era, presidente exekutibo. Gaur egun, konpainiako presidente ez-exekutibo ardura du bere gain.
Beste erakunde batzuetan ere izan ditu ardurak. Adegin eta Confebasken parte hartu du, batzorde exekutiboetako kide gisa, bai eta ezagutza-klusterraren lehendakaritzan ere, eta CEITeko Kontseilu Estrategikoko kide ere izan da. Gaur egun, Euskal Enpresarien Zirkuluko lehendakaria da; Donostia International Physics Center-eko patronatuko kidea; Lehiakortasunaren Euskal Institutuko eta Deusto Business School-eko kontseilaria; eta Jakiundeko kidea, Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiakoa, alegia.
«Lana eta esfortzua»
Urrezko domina jaso izanagatik «eskerrak» eman zituen Arizkorretak eta Joxe Mari Korta oroituz hasi zuen hitzartzea. Jarraian, 1980. hamarkadan CAF-en hasierak nolakoak izan ziren oroitu eta proiektua aurrera ateratzeko egin zuten «lan eta esfortzua» goraipatu zituen: «Lanik, ahaleginik eta sakrifiziorik gabe, ezin da gizarte aurreratu bat sortu. Ziurrenik ez da oso mezu popularra, gaur egun, baina behin eta berriz errepikatu behar da», nabarmendu zuen Arizkorretak bere hitzaldian.
CAFeko presidentearen enpresa-estrategian «teknologia eta nazioartekotzea» izan dira «oinarrizko bi ideiak», bere ustez lurraldearentzat eta Euskadi osoarentzat «erreferente» gisa balio dutenak ere, eta aurrera jarraitzeko, «ditugun mekanismo guztiak erabili, Kontzertu Ekonomikoak ematen dituenak barne, gure etorkizunean are eta erritmo biziagoan inbertitzeko», gogoeta egin zuen Arizkorretak.
Era berean, defendatu zuen Euskadi ez dela egoera ekonomiko eta sozial txarretik abiatzen, baina euskal ekonomiak datozen urteetan izango dituen erronka nagusiei «erabakitasunez» aurre egitera dei egin zuen. «Iraunkortasuna, arrisku demografikoa eta adimen artifiziala» azpimarratu zituen erronka gisa. Gainera, enpresa eredu jakin bat defendatu zuen: «gure enpresa eredua ez da azkar aberastu nahi duenarentzat, edota bizitzaren eta lanaren ikuspegi indibidualista duenarentzat, azken ikuspegi hori ez baita bateragarria bizitza pertsonal orekatu batekin».
Erakundeen eta Israelen arteko «konplizitatea» salatzeko protesta
CAFeko presidente Andres Arizkorretak domina jaso bitartean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, hamarnaka lagunek protesta egin zuten Gipuzkoa plazan, aldundiaren egoitzaren aurrean, Israel palestinarren aurkako genozidio betean dela erabaki duelako Gipuzkoako Aldundiak euskal enpresako presidenteari ohorezko ikurra ematea.
Irutxuloko Hitzako lankideek jaso bezala, ordubete inguru iraun zuen protestak. Ertzaintzak gunea erabat hesituta zuen, eta mobilizazioan zehar tentsioa areagotzen joan zen. Hain zuzen ere, ertzainak bi aldiz oldartu zitzaizkien protestan ari ziren herritarrei, borrekin kolpatuz.
CAF enpresa hainbat tren linea garatzen ari da Israelen eta, horregatik, «enpresa estatu sionistaren konplize» dela salatu zuten: «CAFek eta Saphir eraikuntza enpresa israeldarrak Jerusalemgo tren arinaren hedapenean parte hartzen du (JLR ingelesez). Tranbia horrek Jerusalemgo auzo okupatuak Zisjordaniako koloniekin lotuko ditu».
Proiektu horrek «palestinarren jabetzak konfiskatzea, lurralde palestinarra anexionatzea, Jerusalemgo auzoetatik biztanle palestinarrak kanporatzea eta kolono sionistak Palestinako lurralde okupatuan ezartzea ahalbidetzen du», salatu zuten.