Alegiko Sindikatoko bazkide egiteko deialdia, asteburuan
Behin eraikineko lanak amaituta, dendaren izaera definitu dute. Alegiko Sindikatoa elkarteak egingo dio dendari jarraipena. Bazkideak erakartzeko deialdia egin dute ostiralean eta larunbatean.
Itsasoko Alegi auzoan denda irekitzeko gero eta gutxiago falta da. Behin, denda kokatuko den eraikineko lanak amaituta, dendaren izaera osatzea izango da itsasoarrek emango duten hurrengo pausoa.
Azaroa amaieran egin zuten herri batzarrean dendaren gidaritza hartuko duen Alegiko Sindikatoa elkarteko estatutuak onartu zituzten. Orain, elkartera bazkideak erakartzeko deialdia egin dute, ostiralean 19:00etan eta larunbatean 11:00etan, elkarteko kide egiteko aukera izango da, denda egongo den lekuan bertan.
Txartel bidezko sarbidea
Alegiko Sindikatoan egunero behar diren produktuak jarriko dituzte salgai. Dendak «erosketak herritik irten gabe egiteko aukera» eskainiko die itsasoarrei, elkartetik esan dutenez. Denda «ordu jakin batzuetan» egongo da irekita publiko guztiarentzat, baina itsasoarrek «dendaririk ez dagoenean ere erosketak egiteko aukera» izango dute. Dendara sartzeko «txartela» izango dute, «modu autonomoan» erosketak egin eta ordaindu ahal izateko. Alegiko Sindikatoa elkarteko kide izatea derrigorrezko baldintza izango da, ordea, txartela eduki ahal izateko.
Itsasoar guztiek dendan erosketak egin ahal izateko «etxe bakoitzetik norbait elkarteko kidea» izatea da Alegiko Sindikatoaren helburua. Ostiralean eta larunbatean jarri dute hitzordua, interesatuei informazioa helarazi eta bazkide egiteko aukera emateko.