Biziolak urteko batzar orokorra egingo du larunbatean
Lazkaoko Fabrikaren lehen urteurrenaren ospakizuna eta erronka berrien azalpena izango dira batzarraren ardatzak. "Batzar garrantzitsua" izango dela aurreratu dute, eta parte hartzera deitu dituzte bazkideak.
Urtarrilaren 20an, 2023an, ireki zituzten Biziola kooperatibaren Lazkaoko dendaren ateak. Aurkezpenetarako eta hasiera-ekitaldirako eguna izateaz gain, lehenengo erosketak egiteko aukera ere orduan izan zen. Urtebete igaro ondoren, denda eta ekimena kudeatzen dituen kooperatibak batzar nagusia deitu du, larunbat honetarako, lehen urteurrena.
Batzarrerako lehen deialdia 10:30ean jarri dute, eta bigarrena 11:00etan. Biziola osatzen duten bazkide guztiak daude deituta. Parte hartzeko izena emateko, info@biziola.eus helbidera idatzi behar da, eta webgunearen bidez ere egin daiteke.
Lehenengo urtearen balantzeak eta balorazioak aurkeztuko dituzte. Kultura eta gizarte arloetako plaza ere izan nahi du, ordea, eta alor horietan landutako ekitaldien eta jardueren berri ere emango dute.
Bestetik, aurrera begira aurreikusitako proiektuak iragarri, eta horiek egikaritzeko erabakiak hartuko dituzte. «Batzar garrantzitsua» izango dela aurreratu dute Biziolaren kudeatzaileek.
Hitzaldia erle beltzaz
Jarduera soziokulturalari dagokionez, urtarrilaren 24an erle beltzaren hazleen Erbel elkartekoen hitzaldia izango da Biziolan, 18:45ean hasita. Elkartearen lanaren berri emango dute.