Diputazioak Aralarko larreen «zikintzea» Mankomunitateari egotzi dio
Aralarko larreen egoera ez dela «oso ona» adierazi du Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak Batzar Nagusietan EAJren ordezkari Rafael Uribarrenek erregistratutako galdera bati erantzunez.
Aralarko larreen egoerari buruz Gipuzkoako Foru Aldundiaren postura eta iritzia azaldu zuen, lehengo astean, Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutik Batzar Nagusietan, bere alderdikide eta EAJren ordezkari Rafael Uribarrenek erregistratutako galdera bati erantzunez. Arrutiren irudiko, Aralarko larreen egoera ez da «oso ona», eta Enirio Aralar Mankomunitatearen kudeaketa egin du erantzule, hari kritika eginez batera.
Larreak «zikindu» egin direla azaldu du diputatuak. 2018tik 2023ra bitartean, airetik hartutako argazkiei erreparatuta 545 hektarea larreren egoera okertu dela gehitu zuen; bestelako landaretza sortu izanari egin dio erreferentzia okertze horren pean. Hain justu, Aralarko larre guztien %19,3 «zikindu» direla esan zuen Arrutik.
Mankomunitateari kritika
Bost urteko epe berean, 51 hektareatan egoera «hobetu» da, eta gainerako 2.220 hektarea belardi antzeko egoeran leudeke.
Larreen bilakaera horren inguruan kezka agertu zuen, bestetik. Mankomunitatea egin du balizko «zikintze» horren erantzule, gaur egun –2019tik– EH Bilduren presidentetzarekin dagoena. Kontrara, aurreko epeko gestioa goretsi du Arrutik, 2015-2019 aldiko –orduan EAJrena zen presidentetza– Goilarre programa hizpidera aterata. Mankomunitatearen eta Diputazioaren arteko «kudeaketa bateratuak» orduan «arrakastatsu» funtzionatu zuela esan du.
Larreen mantenurako erreketa kontrolatuez ere «hitz egin beharko» dela aurreratu du.