‘Gaztagintza eta arkumeen sekretuak’ edizio berri baten bila
Beste urte batez Gaztagintza eta arkumeen sekretuak jardunaldiak antolatu ditu Zegamako Anduetza Parketxeak Segurako Ondarre baserrian. Familia osoari zuzendutako bi bisita antolatu dituzte, lehendabizikoa igande honetan izango da, eta bigarrena, otsailaren 4an. Izen-ematea irekita dago, jada.
Segurako Ondarre baserrian arkumeak jaio berriak dira eta artzainak Idiazabal gazta egiten hasiko dira. Ondarren, 200 urtetik gora daramatzate gazta egiten, orain Eneko Goiburu belaunaldi gazteenak erreleboa hartuta. Bere eskutik izango dute bisitariek arkumeak ezagutu eta gaztagintzari lotutako sekretuak ezagutzeko aukera.
Elkargunea, Ondarren
Arkume jaio berriak ikusi eta latxa ardiei bazka emanez hasiko dira bisitak. Gero, gazta egiteko prozesua erakutsiko du Goiburuk, baita artzainek erabiltzen dituzten tresnek izandako bilakaera ere. Amaitzeko, gazta mota ezberdinak dastatzeko aukera izango da sagardoaz eta uraz lagunduta.
Bisitariak Ondarre baserrian bertan elkartuko dira, 11:00etan. Bisitak 12 euroko— helduentzat— eta sei euroko —haurrentzat— prezioa du. Izena anduentza@gipuzkoanatura.eus-en eman daiteke, baita 943 80 21 87 edo 688 623 609 zenbakietara deituta ere.