«Herri proiektu baten proposamen artistiko bat da kontzertua»
Legazpiko Solkie elkarteak eta udalak antolatuta, Jon Maiak ‘Kantu berri bat gara’ aurkeztuko du ostiralean Latxartegin, 22:00etan. «Gau berezia eta magikoa» agindu dio publikoari.
Zer da Kantu berri bat gara?
Nire bigarren lana da. Kantu bat gara izan zen lehena, eta han nik idatzitako kantu ezagunen bertsioak bildu nituen, antologia bat egin nuen. Oraingoan ia denak berriak dira. Diskoa eta liburua da, eta diskurtso bat dauka, lehenengoa baino koherenteagoa, gure nortasunaren eta horren transmisioaren bueltan, beti edertasunaren eta emozioaren bidez azalduta.
Lehengo musikariekin egin duzu lan hau ere.
Bai. Musika talde bera da, oso musikari handiak dira. Bi urretxuar gaude, Gorka Hermosa soinujolea eta ni. Eta gurekin daude Pello Ramirez ordiziarra txeloarekin eta soinuarekin, Nerea Quincoces bilbotarra perkusioarekin eta ahotsarekin, eta Gijongo (Espainia) Nacho Soto teklatuarekin. Horrelako taldea edukita ezin nuen utzi egin gabe bigarren diskoa edo proiektua.
Lehena ondo joan zen.
Bagenuen esperantza eta anbizioa ere… baina imajinatu genuena baino askoz ere hobeto joan zen. Urte eta erdian 40 kontzertutik gora egin genituen, areto guztiak beteta. Kontzertu bakoitza oso hunkigarria izan zen, eta salmentak ere, handiak. Oso pozik geratu ginen, eta horrek animatu nau bigarrena egitera.
Abesti berriak izanda, nolako harrera espero duzu?
Orain arte egin ditugun kontzertuetan aretoak betetzen ari dira, emozioak berdinak dira. Baina zailagoa da, erronka handiagoa da. Lehenean kantuak oso ezagunak ziren: Benito Lertxundi, Mikel Urdangarin, Gari, Gozategi, Pirritx eta Porrotx, Negu Gorriak… Kantu berriekin ez da hain erraza, ez dakizu noraino gustatuko diren. Momentuz ondo funtzionatzen ari da.
Zein formatu du kontzertuak?
Kontzertua baino gehiago da. Ni modu askotara komunikatzen naiz publikoarekin, hitz egiten, kantatzen… irudiak ere badaude, gonbidatuak… Ekitaldi handi bat da, topaketa bat, oso formatu irekikoa eta parte hartzailekoa. Bilkura bat da, festa bat da, herri proiektu baten proposamen artistikoa bat.
Donostiako Victoria Eugenian eta Bilboko Euskaldunan dituzu aurkezpen handiak.
Aurrekoan antzoki handietan hasi ginen, eta oraingoan bide erdirako laga ditugu horiek. Lehen saioa Sestaon egin genuen, propio, euskaraz gutxi programatu eta gure ohiko zirkuituetatik kanpo dagoen leku batean, baina euskaraz bizi nahi duen jendea ere badago han. Eibarren eta Lasarten ere izan gara.
Legazpikoa nolakoa izango da?
Kontzertu bakoitza gertaera berezi bat da. Saiatzen naiz guztiak mimoz zaintzen, eta denak izaten bereziak eta partikularrak. Legazpikoa ere halakoa izango da, eta gonbidatuak izango ditugu. Antolatzaileei eskerrak eman nahi dizkiet, eta jendea animatu ere bai kontzertura joateko, saio bakoitza bakarra delako. Denok gau berezi eta magikoa biziko dugula agintzen dut.