«XVI. mendeko euskal gizartea ezagutzeko aukera paregabea da Igartubeiti»
Europako Batasuneko Prim 4.0 proiektuaren barruan egongo da Igartubeiti baserria aurten. Iaz %27 igo zen bisitari kopurua, eta atzerrikoak bikoiztu egin ziren.
Historikoki euskaldunen bizileku izanda, euskal identitatearen ikur bilakatu dira baserriak. XVI. mendean sortutakoa izan arren, 2024. urteko denborak miatzen ditu Igartubeiti baserriak. Kizkitza Ugarteburuk (Urretxu, Gipuzkoa, 1971) koordinatzen du baserria, eta, beraz, bertako istorioak ederki dakizki. Aro berrietara moldatutako baserria da Ezkiokoa (Gipuzkoa), eta, era berean, XVI. mendeko euskal gizartearen erakusleihoa.
Museoa, interpretazio zentroa, baserria… zer da Igartubeiti?
Bi zatitan banatua dugu Igartubeiti. Alde batetik, baserria dago, 2001ean ireki zutena, eta, beste alde batetik, interpretazio zentroa, 2007koa. Baserria museo bat da; bertako eduki eta objektuek istorio asko dituzte atzean. Interpretazio zentroan, berriz, historia ikus-entzunezkoen bidez kontatzen da. Bi zati horiez gain, baserriaren inguruak ere oso garrantzitsuak dira guretzat; hor ikus daiteke, adibidez, gure baratzea.
Zer ikas dezake bisitariak Igartubeitin?
Duela bost mendeko baserria da gurea, eta mende haietan familia baten bizileku izan zen. XVI. mendeko euskal gizartea ezagutzeko aukera paregabea da Igartubeiti. Baserriek azken mendeetan izan duten bilakaerari buruz ere ikasiko du bisitariak.
Iaz %27 igo zen bisitari kopurua.
Hala da. 2023. urteko hasiera oso ona izan zen guretzat. Europatik Next Generation proiektuarekin finantzabide berri bat lortu genuen, eta horrek hainbat egitasmo berri egiteko aukera eman zigun. Baserritik kanpo ere jarduera batzuk egin genituen.
Atzerritarrak Igartubeitira biltzen dira?
Bai. Aurreko urtean kanpoko bisitarien kopurua bikoiztu egin genuen. Turismoak gora egin du azken boladan, eta horrek gurera ere jende gehiago ekarri du. Euskal Herriko pare bat enpresarekin hitzarmenak ditugu, eta haiek antolatzen dituzten txangoen barruan Igartubeitirako bisita sartzen dute.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.