Zaintzak planifikatzen laguntzeko gida aurkeztuko du aldundiak Zuhaiztin, etzi
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gizartean Esku Hartzeko Etika Batzordearekin elkarlanean sortutako dokumentua da, erabakiak hartzea «errazteko» tresna. 18:00etan izango da aurkezpena.
Zaintzak modu partekatuan eta adostuan antolatzeko gida aurkeztuko du etzi Gipuzkoako Foru Aldundiak Ordiziako Zuhaizti jubilatuen eta pentsiodunen zentroan. Zuk jakitea nahi dut… izeneko gidaren helburua zainketak planifikatzen laguntzea da, pertsona bakoitzaren lehentasunak kontuan hartuta. 18:00etan izango da aurkezpena.
Otsailean argitaratu zuten lehen edizioa, aldundiak Gizartean Esku Hartzeko Etika Batzordearekin ondua. Gida aurkezteko asmoz, hitzaldi informatiboak egiten ari dira Gipuzkoako zenbait udalerritan. Aldundiak azaldu duenez, etxez etxeko laguntza zerbitzua, eguneko arreta zerbitzua edo egoitza bateko zerbitzua jasotzen duten pertsonentzat ez ezik, «edonorentzat» balio du gidak, beste pertsona batzuekin batera «bizitza plan bat» egin nahi duen ororentzat.
Beharrak eta nahiak
Aldundiaren webguneko Gizarte Politiketako Bioetikako Komitearen atalean eskuratu daiteke gida. Dokumentu bat aurkituko du erabiltzaileak bertan. Dokumentu horren bidez, eguneroko bizitzan zein aldaketa uneetan erabakiak hartzea «errazteko» baliabideak daude. Galdera-erantzunekin, pertsona bakoitzak bere behar, lehentasun eta nahiak azalduko ditu, etorkizunean erabilgarriak izan daitezkeenak erabakiak norberaren beharren arabera hartzeko. Gai konplexuez hitz egitea ahalbidetzeko tresna izatea ere nahi dute.
Zaintzan komunikazioa nolakoa izatea nahi duten, nola sentitzen diren seguru, jana edo dutxa nola eta noiz gustatzen zaien, bakoitzaren osasunari buruzko erabakiak nork hartu beharko lituzkeen, etxeko giltzak nork izan behar dituen, bizitzaren amaieran noren arreta jaso nahi duten… galdera sorta bat erantzungo du gidaren erabiltzaileak, ondoren zaintzak erantzun horietan oinarrituta bideratzeko.
Aldaketak
Dokumentu irekia da, eta aldaketak onartzen ditu, nahi beste, pertsonak une bakoitzean dituen premietara egokitzeko. Dokumentua bete ondoren, norberak gorde dezake, edo gertuko norbaiti eman gorde dezan.