San Blas gerturatzen ari dela erakutsi du Ordiziako feriak
Maite Iturbe Legazpiko okinak ohiko opila jarri du salgai dagoeneko, eta estimazioarekin hartu dute erosleek. Sukaldariek asko maite duten azenario txikia ere aurkeztu du Iñaki Intxaustik, eta Sindikatoan, fruta arbolen landareen salmentarekin hasita daude.
San Blas opila Maite Iturberen postuan. ARGAZKIAK: Tere Madinabeitia Hego haizea eta garai honetarako tenperatura epelak izan dira goiz osoan zehar gaur Ordizian, 14 gradu goizeko bederatzietan, eta horrek markatu du feriaren martxa, ateri izatean ere jende dezente ibili delako Plaza Nagusian eta inguruetan. Eguraldi horrek lagunduta, haur eskolako txikiak ere paseora atera dituzte feria gunera, eta D’elikatuz zentroaren bitartez Irungo Txingudi eta Urretxuko Jose Maria Iparragirre institutuetako ikasleak ere ibili dira postuz postu.
Bestela, otsailaren 3rako oraindik bi aste baino gehiago geratzen badira ere, iritsi dira dagoeneko San Blas egunaren arrastoak Plaza Nagusiko postuetara, egun horretan jan ohi den izen bereko opilarekin. Legazpitiko Udana okindegiko Maite Iturbek jarri ditu salgai, eta estimazio handia izan dute erosleen aldetik.
Forma borobileko opilak dira, anis esentziaren zaporea dute, eta ohiturak agintzen duen bezala arrautza zuringoarekin egindako estaldura zuri eta gozoa daramate gainean, baita San Blas hitzak txokolatez idatzita ere. Maitek Eibarren ikasitako errezeta bati jarraituz egiten ditu, eta haren bezeroek esaten dutenez, ederrak ateratzen zaizkio. Opil bakoitza 2 euroan du salgai, eta datozen bi asteetan ere izango ditu.
Gozo kontuak alde batera utzita, barazkietan ere izan da berritasunik, Zeraingo Iñaki Intxaustiren postuan, hain zuzen. Azenario txikiak aurkeztu ditu. “Sukaldariek asko maite duten produktua” dela esan du zeraindarrak, eta hala erakutsi dute feria honetan ohiko erosle diren batzuk, tartean Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iñaki Telleriak. Mendarte baserriko azenario txiki ekologikoen sorta 2,5 euroan dago.
Fruta arbolen landareak
Urte hasiera, bestalde, zuhaitz landareen salmenta garaia zen duela gutxira arte ferian, baina arrazoi bat edo beste tarteko, saltzaileek utzi zioten Ordiziara etortzeari, eta orain, produktu hori nahi duenak, feria gunetik aterata, Goierriko Nekazarien Elkartera edo Sindikatora jo behar du. Denda horretan hasi dute aurtengo kanpaina, eta kanpoaldean jarri dituzte hainbat zuhaitz landare ikusgai.
Fruta arbolak dira Sindikatoak eskaintzen dituenak, eta denetik duela esan behar da: aranondoa, mota askotako sagarrondoak, irasagarrondoa, mertxikondoa, mahatsondoa eta madariondoa (12,75 euroan); hurritza, gaztainondoa, gereziondoa eta intxaurrondoa (13,25 euro); olibondoa, limoiondoa, kiwia eta kakia (21,80 euro); eta mizpirondoa (25,20 euro).
Barazkien landareei dagokienez, Monteseko Patxi Izagirrek esan du behin Errege eguna igarota, hasita daudela aire librean aldatzeko letxugak, tipulak edo ilarrak saltzen, baina baserritarrek, aldiz, oraintxe bertan lurra oso bustita dagoela eta ezin dela ezer landatu esan dute. Gaurko egun haizetsu eta lehor gehiago ere eskatu dituzte, baratzetan landatutakoak ez duelako bestela irabazirik egingo, ezta negutegikoak ere. Eguzkiaren zain ere badaude, ez delako aspaldian ikusi. Eta dirudienez, datozen egunetan ere ez da asko ikusiko, eguraldi kaxkarra iragarri dutelako. Izagirrerengana itzuliz, haren amonak esaten zuena gogoratu du ibartarrak: “Neguko hego haizearen ondoren, elurte handia etortzen da”.

Iñaki Telleria Kuko jatetxeko sukaldaria Mendarte baserriko azenarioak erosten.

Zuhaitz landareak erosteko aukera dago Sindikatoan.












