Txerri hilketaren festa antolatu dute extremadurarrek Legazpin iganderako
La Bellota elkarteak antolatuta, kutsu gastronomikoa izango du batez ere, eta txerrikia eta ogi mamiak izango dira izarrak. Azokan izango da, 11:00etatik aurrera.
La Bellota elkarteko sarrera, San Ignazio auzoko eskola zaharretan. ARGAZKIA: Tere Madinabeitia La Bellota elkarteko kideek Extremadurako ohiturak eta gastronomia konpartituko dute aurten ere gainerako legazpiarrekin. Igandean txerri hilketaren festa egingo dute Azokan, 11:00etatik aurrera. Festa horri begira, Legazpiko extremadurarrak prestaketa lanetan daude murgilduta azken egunetan San Ignazio auzoan duten elkartean.
Izan ere, txerri hilketarekin lotutako festa honek lan batzuk aurrez egitea eskatzen du, nahiz eta gaur egun, garai batean bezala ez duten txerria hazten eta hiltzen inguruko baserri batean. Orain, osasun eskakizunak tarteko, hilda eta zatitzeko prest ekartzen dute. Txerria bera zatitzea, odolkiak egiteko barazkiak txikitzea, baratxuriak zuritzea… eta festa gastronomiko honetako beste protagonista garrantzitsuak diren ogi mamiak prestatzeko ogia zatitzea eta lehortzen jartzea.
Txerrikia eta ogi mamiak
Azokan igande goizean ospatuko den festaren osagai nagusia txerrikia izango da, eta besteak beste, hirugiharra, xerrak eta txorizoa jarriko dituzte salgai. Baina Extremadurako beste jaki tradizional bat dastatzeko aukera ere izango da: ogi mamiak, zuriak zein gorriak. Hori guztia laguntzeko, ardorik eta bestelako edaririk ez da faltako
Ezta musika ere. Elkarteko Sones de Extremadura taldeak emanaldi bat egingo duelako
Baina dena ez da lana izango La Bellotako kideentzat, eta igandeko festaren aurretik juntadizo bat egingo dute elkartean, bazkari baten bueltan. Hori ere, herrialde hartako jakiak izango dituzte menuan: txerri hezurrekin eta urdaiarekin egositako txitxirioak eta aza, eta odolkia, han ‘morcilla de lustre’ deitzen dutenarekin batera, Hemengo barazki odolkien antzekoak dira, baina biziagoak, eta mendafina daramate.
La Bellota kultur elkartea duela 28 urte sortu zen, eta gaur egun 80 bazkide inguru ditu. Urtero antolatzen duen txerri hilketaren festa hau oso ezaguna eta estimatua da herrikideen artean.

Iazko txerri festan, ogi mami gorriak prestatzen.












