Legazpiko Korrika batzordearen lehen bilera hilaren 22an egingo da
Herritar eta eragile guztiak daude gonbidatuta parte hartzera. Legazpin Korrikaren inguruko ekitaldi sorta antolatzea da helburuetako bat. Martxoaren 23ko goizaldean igaroko da herritik, Udanatik sartuta.
Legazpiko Korrika Batzordeak hilaren 22an, astelehena, egingo du lehen bilera, 19:15ean, Kultur Etxeko ikastaro gelan, Legazpin Korrikaren inguruko ekitaldiak prestatzen hasteko izango da bilera, eta herritar eta eragile guztiak daude gonbidatuta. Eskualdeko arduraduna izango da bertan, eta kilometro salmentari eta antolatuko diren ekitaldiei buruzko informazioa emango da.
Korrikaren 23. edizioa da aurtengoa, eta martxoaren 14tik 24ra izango da, Irundik Baiona artean Euskal Herri osoan zehar 2.791 kilometroko ibilbidea eginez. Goierrin 159 kilometro egingo ditu guztira AEKren ekimenak, eta Legazpitik sartuta, Legorretatik aterako da. Legazpi, Zumarraga, Urretxu, Ezkio, Itsaso, Gabiria, Ormaiztegi, Mutiloa, Zerain, Segura, Idiazabal, Olaberria, Lazkao, Beasain, Ordizia, Itsasondo eta Legorreta igaroko ditu.
Korrika ez zen 2019tik igarotzen Legazpitik, 22. edizioak ez zuelako herria sartu ibilbidean. Udanatik iritsiko da aurten.