Akziozko zinemak liluratu duen gazte legazpiarra
Gaztetxoa zela judo eta jiu jitsu diziplinetan Europako eta munduko txapelketatan lehiatu ondoren, erronka berri bat du orain esku artean Jon Odriozolak. Zinema espezialista izateko ikasten ari da Bartzelonan.
Jon Odriozolak (Legazpi, 2000) informatikako goi mailako ziklo bat ikasi zuen, eta zibersegurtasunean espezializatu zen gero. Lanean berehala hasi zen Bellota lantegian, informatikari gisa, baina urte eta erdira, lanpostua utzi eta aspalditik zuen asmoa bati heldu zion. Bartzelonan dago orain, zinema espezialista izateko ikasten.
«Beti izan dut gustuko akziozko zinema, eta aktoreen ordez eszena arriskutsuenak egiteko gogoa», azaldu du. «Horretarako ikasketak bazeudela jakin nuen, eta bideoetan nola entrenatzen zuten, zer egiten zuten… ikusi eta gero, txundituta geratu nintzen». Ikasketa haiek egin behar zituela erabaki zuen horrela. Lankide batek esandakoak ere bultzatu zuen: «Nire urteak zituenean Legazpin lanean hasi eta langile finko egin zutela esan zidan, neskalaguna ere herrikoa aurkitu zuela, eta bertan geratu zela, estankatuta. Hura entzuteak beldurra eman zidan, eta zerbait egiteko unea zela ikusita, aurrera egin nuen espezialista kontuarekin. Gaizki ateratzen bada, berriz ere informatikari lanera itzultzeko B plana badut».
Urritik, Bartzelonan
Iaz hartu zuen erabakia Odriozolak, 22 urterekin. Urrian Bartzelonan zegoen dagoeneko. Ekainera arteko prestakuntza da, Inextremis espezialista agentziak antolatutakoa, eta amaieran espezialista titulua emango diona. Ikasturte amaieran azterketa batzuk gaindituz gero, gainera, agentzian sartuko da. «Zinema produktoreekin lan egiten dute, eta haiek eskatzen dutena eskaintzen dute: borroka egiten duen espezialista bat eta 1,60 neurtzen duena, edo akrobaziak egiten dituen asiar arrazako bat, edo parkour egiten duena…».
Borroka, erorketak, akrobaziak, tricking (ostikoak), rigging (sokekin egindako efektuak), altueretatik salto egitea, antzezpena… dira ikasgaietako batzuk, guztiak praktikoak. Borroka eta erorketak dira gehien gustatzen zaiona. Egunean bost eskola ordu ditu goizez, eta arratsaldean Akziozko eszenen aurre bistaratzea ikastaroa ari da egiten.
Judoa eta jiu-jitsua
Txikitatik praktikatu du judoa eta jiu-jitsua Odriozolak, eta Europako eta munduko txapelketetan lehiatu da behin baino gehiagotan. Orain alboratuta ditu kirol horiek, baina argi du hortik datorkiola mundu honekiko lilura. «Nahiko lotuta daudela esango nuke. Judoan eta jiu-jitsuan, borrokaz gain, koreografia modukoak ere lantzen genituen». Txikitan oso mugitua zela ere gogoratu du, akzioa gustatu zaiola beti, «salto egitea, txiribueltak…».
Odriozola pozik dago Bartzelonan aurkitu duenarekin, «egun guztia hori egitea, erorketak lantzea, borrokak praktikatzea, koreografiak ikastea… ikaragarria da». Hori bai, egoera fisiko ona behar da, eta hori ere landu behar da, lesioak saihesteko. «Ez da arriskutsua, erortzen ikasten dugulako adibidez kotxe batek harrapatzen zaituenean. Dena ondo kontrolatuta eta neurtuta egoten da, baina zenbat eta egoera fisiko hobeagoan egon, errazago egiten da».
Errodajeetan pertsona bat egoten da beti, kontrol horretaz eta ikuskapenaz arduratzeko, eta aldagai guztiak kontuan hartzen ditu, «arrisku salto bat egin behar duzunean lurra irristakorra egon ez dadin, adibidez, edo aldapa batetik behera zeure burua bota behar duzuenean zoruan mina eman dezaketen harriak egon ez daitezen».
Arriskuak ekiditeko babesak ere janzten dituzte, baina ez beti. «Kamisetarik gabe zaudenean ezin duzu ezer jarri… baina jarri daitezkeenean, jartzen ditugu».
Lanerako aukerak
Ikastaroa amaitzeko bost hilabete falta zaizko, eta oraindi «asko du ikasteko. Labanekin, ezpatekin eta pistolekin egin dituzte lanketak, baina gehiago sakondu behar dute arlo horretan. «Pistola bat nola eraman ikasi dugu, baina tiro egitean izan behar dugun jarrera edo hartu behar dugun postura oraindik ez. Suarekin ere egin behar dugu lan, eta irrikan nago nire gorputza goitik behera erretzeko!».
Lan honetarako, hobekuntzan eta perfekzionismoan dago gakoa, «errodajean irudi ona eta profesionala erakutsi behar duzu». Horretan ari da orain, ikasturte amaieran agentzian sartu ahal izateko, eta piskanaka bere burua espezialisten munduan ezagutzera emateko, eta lanean jarraitzeko aukera emango dioten kontaktuak egiteko. «Ea Spidermanen ordezkoa izatea lortzen dudan, akrobazia asko egiten dituen pertsonaia delako». Hala ere, halako lan gutxi daudela dio, lan gehienak xumeagoak dira, «eskailera batetik behera erortzen den baten ordezkoa izatea eta horrelakoak dira arruntenak». Alde horretatik, espezialisten beharra badago, lan egiteko aukerak badaudela dio.
Bartzelonan lau-bost urte egiteko asmoa du Odriozolak, lanean eta entrenatzen, eta gero Euskal Herrira itzuli, «nahiago dut hemen bizi eta hemendik lan egin, oso gustura nago hemen».