Haurdunaldiko, jaiotzako edo jaio ondorengo heriotzaz hitz egingo dute Legazpin
Esku Hutsik elkarteak eta udalak antolatuta, Virginia Marcos psikologo perinatalak egingo du, datorren asteazkenean, 18:00etan, Kultur Etxean. Virginia Marcos psikologo perinatalak hitz egingo du, eta jaio berritan haurtxoaren heriotza bizitako familia baten lekukotza ere eskainiko da.
Esku Hutsik elkarteko kideek Haurdunaldian, jaiotza-inguruan eta jaioberritan ematen diren heriotzengatiko dolua ikusarazten izeneko hitzaldia egingo dute hilaren 24an, asteazkena, 18:00etan, Kultur Etxean. Hitzaldian haurtxoaren heriotza aztertuko da, haurdunaldian, erditzean edo jaio ondoren. Legazpiko Udalaren laguntzarekin antolatutako jarduera da.
Virginia Marcos psikologo perinatalak egingo du ordu eta erdiko iraupena izango duen hitzaldia. Saioan zehar, gainera, jaiotzaren inguruan jaio berritan haurtxoaren heriotza bizi izan duen familia baten lekukotza ere eskainiko da, eta galderak egiteko eta esperientziak partekatzeko tarte bat ere izango da.
Minutuko horrelako 44 heriotza munduan
Esku Hutsik elkarteak adierazi duenez, munduan minutuko horrelako 44 heriotza gertatzen dira. Estatu espainiarrean, esaterako, haurdunaldiaren 22. astetik jaio ondorengo 28 egunera bitartean urtean 2.500 haur inguru hiltzen dira, eta horrek eragin zuzena du egunean sei familiatan. Datu horietan ordea, ez dira kontuan hartzen bizitzaren 28. egunetik aurrerako jaioberrien heriotzak, haurdunaldiaren borondatezko eta legezko eteteak, edo haurdunaldiaren lehen eta bigarren hiruhilekoetan gertatzen diren heriotzak, azken horien zifrak askoz handiagoak baitira. Datu horiek adierazten dute lau haurdunalditik bat ez dela bukatzen haurtxo batekin.
Jaiotzaren inguruko doluak gogor eragiten die familiari eta hurbileko inguruneari, bai ta dolua artatzen duten osasun profesionalei ere. Esku Hutsik elkarteak dioenez, dolu perinatalak lagundutakoa egin behar du, “garrantzitsua da gizarte mailan aldaketa bat egotea, familiei informazioa eta baliabideak eskaintzea, eta jarraipena egitea”. Ildo horretan kokatzen da Legazpin datorren astean egingo duten hitzalldia.