Zergak eta tasak ordaintzeko egutegia jakinarazi die herritarrei Legazpiko Udalak
Zaborraren tasa hiru alditan kobratzen hasiko dira aurten, "herritarrei ordainketa errazteko asmoz". Ordainagiriak bankuan helbideratzeko eskatu die herritarrei udalak.
Legazpiko Udalak 2024ko zergen egutegi fiskala onartu du, eta herritarrentzako www.legazpi.eus webgunean jarri du ikusgai. Zerga garrantzitsuenak urtean behin kobratzen diren ibilgailuena eta kontribuzioa dira, eta aurten hirutan kobratuko den zaborrena.
Ibilgailuen gaineko zerga otsailaren 1etik martxoaren 31ra bitartean kobratuko du, eta kontribuzioa maiatzaren 15etik ekainaren 30ra. Egoiliarrentzat gordetako eremuan aparkatzea, berriz, urtarrilaren 1etik otsailaren 28ra kobratuko du.
Zaborra, berriz, “herritarrei ordainketa errazteko asmoz”, hirutan kobratuko du udalak aurten, eta ez orain arte bezala bi alditan. Azoka ere hiru alditan kobratuko du. Bi tasen lehen aldia urtarrilaren 1etik otsailaren 29ra bitartean kobratuko da.
Helbideratutako ordainagiriak ordaintzeko epearen azken egunean kobratuko dira dira bankuetako kontuan, hau da, otsailaren 29an aparkalekuarena, zaborrena eta azokarena, eta martxoaren 31n ibilgailuena.
Urtero bezala, udalak ordainagiriak helbideratzera animatu nahi ditu herritarrak, “erosoagoa” dela uste duelako eta azken egunean ordaintzea “abantaila” delako.