Garai bateko eskola eta etxebizitza ezagutzeko proposamena luzatu du Lenburrek
Legazpiko bi gune horiek ezagutzeko familia planak antolatu ditu datozen asteburuetarako. Izena eman behar da aurretik.
Lenbur Fundazioa bete-betean dago murgilduta Txillidaren jaiotzaren mendeurrena gogoratzeko ospakizunetan, baina ez ditu alboratu bere ohiko jarduerak eta urte hasierarako proposamen berriak luzatu ditu. Hala, familia planak jarri ditu martxan datozen asteburuetarako, oraingoan 1950.eko hamarkadara bidaia bat egitea proposatuta.
Hain zuzen, garai hartako eskola eta langileen etxebizitza nolakoak ziren erakusteko ordu eta erdiko iraupena duten bisitak prestatu ditu, 5 urtetik gorako haurrei eta helduei zuzenduta. Familian egiteko planak dira, eta urtarrileko azken asteburuan eta otsaileko asteburu guztietan egongo dira eskuragarri. Bisitaren prezioa 6,5 eurokoa da, eta parte hartzeko izena eman behar da aurretik, Mirandaolako turismo bulegoan, 943 73 04 28 zenbakira deituta edo mirandaola@lenbur.com helbidera mezua bidalita. Astegunetan ikasle taldeentzako bisitak ere egingo dituzte.
Eskola eta etxebizitza
«Denboran atzera bidaia» da Lenburrek familia plan honekin eskaintzen duena, eta duela hamarkada batzuetako eskola nolakoa zen eta jendea nola bizi zen ezagutzeko aukera ematen du.
Haztegi ikastolako txoko batean dago 1950. hamarkadako eskola, eta garai hartako Buen Pastor ikastetxeko gela baten errepika da, egurrezko ikasmahaiak, arbela, mapak eta guzti dituena. Ikasleek erabiltzen zuten materiala ere bertan dago, arbel txikiak, arbel ziriak eta tinta ontziak besteak beste, baita tortoloxak, txapa edo kromoak beza-
lako jokoak eta jolasak ere. Orduko zigorrak nolakoak ziren ere ezagutuko du bisitariak, eta zorroztasunaren, diziplinaren eta erlijioaren berri ere jasoko du.
Garai hartako etxebizitza, bestalde, San Ignazio auzoan dago, eta hango bisitarekin, langile familia bat nola bizi zen ezagutzeko aukera izango da. Telebistarik gabe, hozkailurik gabe, garbigailurik gabe, berogailurik gabe… bizi ziren, eta apopiloekin edo sukaldea erabiltzeko eskubidea zuten bizilagunekin batera konpartitzen zuten etxebizitza.