Legazpiko jaietan txosna kudeatzeko eskariak egin daitezke otsailaren 2ra arte
Aurten Azokan jarriko dute txosnagunea, eta apirilaren 30etik maiatzaren 5era arte egongo da zabalik. Herriko elkarteek edo taldeek egin dezakete eskaria.
Aurten ere izango da txosnagunea Legazpiko Santikutz jaietan, baina kokapena aldatu du, eta eliza atzean jartzen duen karpan jarri ordez, Azokan kokatuko da. Udalak ireki du dagoeneko bere kudeaketarako eskariak egiteko epea, eta otsailaren 2ra arte, ostirala, izango da horretarako aukera. Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez egin beharko da eskaera. Azken urtetan Legazpin ekintzak antolatu eta egin dituzten herriko elkarteek edo taldeek bakarrik eskatu dezakete txosna ustiatzea, eta gehienez bi esleipendun izango dira.
Ohi bezala, udalak ur hornidura, harraska eta argindarra jarriko ditu, eta barra eta musika ekipoa ustiatzaileen kontura joango da. Udalak taulatu txiki bat ere jarriko du Azokan.
Txosnagunea apirilaren 30an irekiko da, 18:00etatik aurrera, eta maiatzaren 5ean itxiko da, beranduenez, 21:00etan.