Legazpiko Berdeak ur txorroten parkearen aurka dago
Talde politikoak idatzi bat erregistratu du udalean proiektuaren aurkako jarrera gainerako taldeei azaltzeko. Uraren erabilera, proiektuaren kostu altua eta haurren segurtasuna dira erabilitako argudioetako batzuk.
Legazpiko Berdeak + Independenteak taldea udalak San Ignazio auzoan jarri nahi duen ur txorroten parkearen aurka dago, eta horren arrazoiak azaltzen dituen dokumentu bat erregistratu du udalean, gainerako talde politikoei zuzenduta.
Parkea gune berde batean egiteak kezka eragiten dio Berdeak taldeari, eta Alberto Bezunartea zinegotziak azaldu duenez, “ulergaitza” iruditzen zaie “parke artifizial hori beroaldien aurkako aterpe klimatikoa izango dela argudiatzea, eta aldi berean belarra eta zuhaitzak dituen gune natural bat kentzea; horiek dira benetako aterpe klimatiko naturalak, eta urteak daramatzate gurekin giro freskatzen eta tenperatura altuak lehuntzen”.
Proiektu hau ingurugiroaren defentsarekin batera ezina dela dio. “Ez du zentzurik gune berde bat suntsitzea, energia, produktu kimiko eta ura kontsumitzea eskatuko duen parke bat egiteko. Gainera, baliabideen erabilera arrazoitu eta eraginkorraren aurkako mezua zabaltzen du. Ez litzateke jolastu behar oinarrizko ondasuna eta urria den urarekin”. Proiektu horren kontra “bakarrik” geratu direla nabarmendu du Bezunarteak, eta horrek “gainerako alderdien interes partidistak agerian uzten ditu. Oso populista da horrelako proiektu baten ade egotea”.
Kostua eta haurren segurtasuna
Proiektuarentzako emandako 250.000 euroak ere “zalantzan jartzen” ditu, urteko hilabete gutxi batzuetan bakarrik erabiliko den instalazio bat delako. Gainera, herritarrek proposatutako sei proiektuetako bat izanik, horietako bakoitzarentzat jarri ohi den 50.000 euroko partida gainditzen duela dio. “Zein da irizpidea kasu honetan? Udalerrian premia larriagoak ditugu, etxebizitza edo merkataritza, adibidez”.
Berdeak taldea haurren segurtasunarekin eta pribatutasunarekin ere kezkatuta dago, ez dakitelako parkean aldagelak jarriko dituzten, hainbat batzordeetan eskatu duten bezala. “Gune seguruak sortu behar ditugu edozein proiektu gauzatzean. Ezaguna da horrelako instalakuntzetara gaizkileak joaten direla irudiak lortzeko eta horiekin sexu delituak egiteko. Zoritxarrez Legazpin ere izan dira horrelakoak, eta orokorrean geroz eta ugariagoak dira sare sozialen eta adimen artifizialaren eraginez. Gure haurrak zaurgarritasun egoeran eta arriskuan jartzen duen edozein proiektuaren aurka gaude”.
Bestetik, alderdi berdeak kritika luzatzen dio udal gobernu taldeari “benetako aurrekontu parte hartzailerik garatzeko duen interes faltagatik”. Horren ondorioz erabakiak “gardentasunik gabe eta informazio faltarekin” hartzen direla nabarmendu du, “orain gertatu den bezala”. Herritarrek egindako proposamen bakoitzari dagozkion alderdi guztiak jakinarazi beharko lituzketela diote, eta proposamen guztiak auzo bileretan ondo landu, gero bozkara eramateko. “Gainera, erabakitzeko orduan justizia sozialeko eta ingurumeneko irizpideak kontuan hartu beharko lirateke”.
Alternatiba, kiroldegian
Amaitzeko, parkearen kokapenerako alternatiba bat ere aurkezten du. “Gobernu taldeak exekutatu egin behar du proiektua, eta dirudienez, ez dago atzera bueltarik. Erremediorik ez bada, parkea kiroldegi ondoan kokatzea aztertzeko eskatzen dugu, han dauden azpiegiturak baliatuta kostua eta ingurune inpaktua murrizteko. Parkea San Ignazion kokatzen bada, inguruan aldagelak jartzeko eskatzen dugu, eta ez dadila zuhaitzik bota”.