Loreak eta kuiak, neguko bi izar gaurko ferian
Neguko lore koloretsu ugari daude aukeran ferian aste hauetan, udaberrian geranioak iritsi bitartean. Kuia opilak eta bizkotxoak ere erosleen zain daude.
Negua ez da oso emankorra izaten berritasunei dagokienez, baina astetik astera agertzen da bat edo beste ferian. Gaur goizean ere izan dira batzuk, eta horien artean lore landareak eta kuiak nabarmendu behar dira.
Izan ere, neguan ere loreak badirela erakusteko, feriako bi lore saltzaileek jarri dute muestra ederra euren saltokietan. Pako Azanzak, esaterako, kolorez beteriko postua jarri du, primulez (2,2 euro bakoitza), kameliez (14 euro), anemonez (5,50 euro) eta kalendulez (4,5 euro) beteta. Larrosak ere bazituen, orain delako larrosak aldatzeko garaia. Kolore askotakoak zituen aukean, 13,5 euroan, bakoitza: arrosak, gorriak, horiak, laranjak… Horiez gain, pentsamenduak eta ziklamenak ere eros daitezke oraindik, eta ugari daude. Maria Dolores Mendizabalek ere hala ditu, baina honen postuan bazegoen neguko beste lore bat ere, tineraria koloretsua, 8 euroan. Hemendik aste gutxira lehenengo geranioak ere iritsiko dira.
Landatzeko orburua
Baratzeko landareen artean, berriz, orburua zen da berritasun nagusia, euro batean bakoitza, baina bitarteko porrua landatzeko garaia ere iritsi da, eta hori 4 euroan zuten salgai (ehun landare). Feriako bi landare saltzaileen postuetan ilarak sortu dira gaur tarteka. Nonbait, lanerako gogoa badago, nahiz eta lurrak oraindik bustita dauden eta eguraldiak asko laguntzen ez duen.
Gaur bertan ere, eguraldia ez da oso lagun izan feriarekin, 10:30 ingurura arte Ordizian ez delako eguzki izpirik eta zeru urdinik ikusi. Ordu horretarik aurrera beste kolore bat hartu du goizak, eta feria bera ere animatzen hasi da piskanaka.
Bestela beste protagonista bat ere izan da gaur, kuia. Aspalditik dago salgai, baina orain beste forma batean ere eros daiteke. Hala, Maite Iturbe okinak ogi opilak egiten hasi da, etxeko kuiak aprobetxatzeko (0,80 euroan bakoitza), eta Astigoxoren postuan, kuiarekin egindako bizkotxoak ere bazituzten salgai. Astigoxoko gozogileek jogurt mousearekin eta kiwiarekin egindako tarta ere aurkeztu dute.
Gustura dastatu dituzte biak feriara bisitan joandako Irungo Txingudi institutuko ikasleek. Basque Culinary Centerreko talde bat ere bisitan ibili da Plaza Nagusiko postuen artean. Bi taldeak D’elikatuz zentroko gidariez lagunduta ibili dira.