Kanpaiak egiteko labe bat eta beste hilobi bat, San Bartolome ermita barruko azken indusketan
Aldundiaren laguntzarekin, bi urteko proiektuari ekin zion azaroan Iosu Etxezarragak, Gure Iragana taldekoekin, ermita barruan aztarnak topatzeko. Indusketa egin dute eta hurrengo pausoa txostena osatzea izango da. Atzo eman zuten azken aurkikuntzen berri.
Ordiziako sorburua izan zen San Bartolome ermitan indusketak egiten jarraitzen dute Gure Iragana taldea osatzen duten Nerea Iraola eta David Cano historialariek, Iosu Etxezarraga arkeologo eta historialariarekin batera. Azken kanpainan ermita barruan egin dituzte indusketa lanak. Besteak beste, kanpaiak egiteko labe edo instalakuntza bat egon zela baieztatu dute eta beste hilobi bat aurkitu dute. XIV. mendeko elizaren burua ez dute topatu.
Atzo eman zuten azken lanen berri, ermitan. Bertan elkartu ziren adituak, udaleko ordezkariak eta Osbele Ordiziako San Bartolome Ermitaren Lagunak Elkarteko ordezkariak. Etxezarragak azaldu duenez, lanen helburua aurreko urteetan topatutako aztarnen jarraipena ermita barruan topatzea izan da, “batez ere XIV. mende hasieran egin zen elizaren hormak topatzea, zituen dimentsioak zein ziren jakiteko”. Bazekiten posible zela hilobiak ere aurkitzea. Hormarik ez, baina hilobiak topatu dituzte. “Buztinetan egindako hobi bat da, hezurdura dago bertan, pertsona heldua izan daitekeenaren susmoa dugu, eta XII-XIII. mendekoa izan daitekeela, buruaren bi alboetara harri bana daukalako, nahiko ohikoa zena garai horretan”. Beste hutsune zabal bat ere topatu dute, hilobi bat izan daitekeena. Ez dakite ziur zer den, ez dagoelako hezurdurarik.
XIV. mendeko elizaren hormarik ez, baina ezagutzen ez zuten beste horma baten aztarna topatu dute, erlazioa izan dezakeena aipatutako elizarekin: “Bilatzen genuen XIV. mendeko horma horren aztarna izan daitekeela uste dugu. Eliza horren burua ermitaren barruan egongo zela pentsatzen genuen, baina ez dugu barnean topatu eta uste genuena baino handiagoa zelakoan gaude”, azaldu du arkeologoak.
Aldaketak eta baieztapenak
Kanpaiak egiteko instalakuntzari dagokionez, kanpai moldea dokumentatuta zuten aurreko kanpainetan, baina baieztatu ahal izan dute labe bat zela eta molde moduan egiten zituztela kanpaiak: “Moldea egin eta brontze urtua botatzen zen bertara. Molde hori egiteko zuloa topatu dugu eta nahiko ikusgarria da, metro eta pikoko sakonera du eta kanpainaren oinarria izango zena hor gelditu da”.
Aurretik zuten susmoa baieztatu dute: XIX. mendean ingurua asko aldatu zela. Hilerria kokatu zuten bertan XIX. mendean, eta horrek mugimendu batzuk eragin zituen. Erdi Aroaren bukaeratik XIX. mendera arteko geruzak ez daude osorik. “Zaila egiten zaigu interpretatzeko”.
Azaroan hasi ziren azken kanpaina horretan lanean. Hilabete eta erdi eman dute indusketa eta hurrengo pausoa dokumentazio eta materialarekin txostena osatzea izango da. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin laguntzarekin, bi urterako proiektua da.
2012tik
2012an hasi zen San Bartolome ermitaren inguruko ikerketa programa, Iosu Etxezarragaren eskutik, Gure Iragana taldekoekin elkarlanean. Harrezkero datu asko jaso dituzte. Urte hauetan egindako aurkikuntza esanguratsu batzuk:
- XV. mendeko bigarren zatian datatutako horma bat. XV. bigarren erdialdean elizaren zabalera eta luzera handitu zen. Hegoaldeko zatian gehiago zabaldu zuten eliza.
- XIII. mendeko tenpluko horma.
- Kanpai moldea, kanpaiak egiteko labea.
- 1117-1222 artean hildako baten aztarnak (%68,5eko ziurtasuna). Garai hartan beste tenpluren bat zegoela ondorioztatu dute.
- XI-XII. mendeko ontzi zatiak.
- Hilobiak: tartean, XII. mendean hildako pertsona baten aztarnak. Villafrancako hiribildua sortu aurretik San Bartolome eliza bertan zela frogatzen dute.