Otañoren bizitzaren onbuari itzal zabalagoa
Patxi Bisquert aktore, ekoizle eta Eguzki Art etxeko ordezkariak Lazkaon aurkeztu du Pello Mari Otañori buruz ontzen ari diren ‘Ombuaren itzala’ filmaren proiektua, auzolanean egina.
Pello Mari Otañorekin loturik, ez da lehenbiziko aldia auzolanera jo dutena haren miresleek eta lagunek. Bertso jarrien egile modura igaro da, nagusiki, euskal historiara Otaño (Zizurkil, Gipuzkoa, 1857 – Rosario, Argentina, 1910), baina askoz emankorragoa eta adartsuagoa izan zen haren bizitza eta obra.
Lehen auzolana, Victoriano Iraola editoreak antolatu zuen, Otañoren Zerbait liburua ateratzeko (1895). Sosik ez, eta aurrez saldu zituen aleak, diru harekin argitaratu ahal izateko. Bigarren aldian, Otaño eta familia Argentinara joan zitezen, itsasontziko pasajeak erosteko diru bilketa herrikoia izan zen (1898), Union Artesana elkarteak bultzatua.
Hirugarrena auzolan garaikidea da, Eguzki Art ekoiztetxeak abiatutakoa, Patxi Bisquert aktore eta ekoizlea (Zizurkil, 1952) gidari duena. Ombuaren itzala ikus-entzunezko proiektuan murgilduta dabiltza azken hamabi urtean, eta, herririk herriko aurkezpen biran, Lazkaoko Gerrikon izan zen astelehenean.
Aldi oparoena, pantailara
Film-luzemetraia izango da Ombuaren itzala, elebiduna eta azpitituluekin. Aurkezpenean, hiru minutuko zati bat erakutsi zuen Bisquertek, hain justu Donostiako Orfeoiak Otañoren etxepean Ameriketara partitu aurreko gauean eskaini zion esker oneko kantaldiarena. Otañoren letrekin hasi zen Orfeoia. «Ez dira garai onak lirikarako, ezta autore-zinemarako ere. Egia esan, kultura ez da inoiz garai onean egon. Plataforma handiei ez zaie interesatzen Otaño bezalako pertsonaia bat», lotu ditu Bisquertek proiektua eta gaia.
Auzolanaren kulturara jo dute, aurrerabiderik izango bada. 1968an Ama Lur filmarekin bezala, Bisquertek gogoratu duenez. Pertsonaia emankor eta prolifiko gisa aurkeztu du Otaño, eta neurriko film bat eskaini nahi diote. «Otañoren oroimenaren arbola euskaldunen bihotzetan landatu nahi dugu film honekin, ez dadila ahanzturaren zulo beltzean eror».
Hiru egonaldi egin zituen Otañok Argentinan, eta filmaren kronologia bigarren etaparen amaieran hasiko da, zizurkildarra Panpan gautxo modura irudikatuta. Euskal Herrira itzuli zen, ezkondu, eta, familia hartuta, azkenekoz 1898an emigratu zuen. «1890-1910 urteak izan ziren emankorrenak Otañorentzat. Euskal Herriarentzat ere urte garrantzitsuak izan ziren», azaldu du ekoizleak. Aldi horren inguruan gorpuztu dute gidoia, Koldo Izagirrek landutakoa.
30.000 sarrera aurrez saltzen
Hamabi urteotan, Ombuaren itzala proiektua herri-sustraietatik elikatzeko, ehun udal baino gehiagoren sustengua lortu dute, zazpi herrialdeetan. Kulturgintzako elkarte eta erakunde nagusienek ere bat egin dute, bai barruan, bai diasporan.
Bisquertek azaldu duenez, Ombuaren itzala proiektuak 750.000 euroko aurrekontua du. Bi iturritatik finantzatuko dute: mezenasgo bidez, eta aurrez zinema-aretoetan filma bera ikusteko 30.000 sarrera-txartel salduta. Iraolak 1895ean bezala. 10 euro jarrita, sarrera euskal biztanleriaren %1ek erostea nahi dute, herrikako aurkezpenak baliatuta. Aurrestreinaldi berezia izango dute horiek, eta herrikako babesa zenbakituta agertuko da babesleen artean.
Aurrekontuaren %75 dagoeneko badutela argitu du Bisquertek. Gainerakoa bildu, eta Aste Santu ondoren segituko dute sekuentziak grabatzen. «Kurtso honetan grabazioa amaitu, gero posprodukzioa etorriko da, eta irailerako filma prest edukitzea da asmoa. Beste bira batean etorriko naiz filma ematera», agindu du Bisquertek Lazkaon.
Zinema orokorrarekin fedea galduta –Handia edo Irati, ikusienak, 40-50 aretotan eman zirela, eta 1981eko Segoviako ihesa 200 aretotan alderatu du–, herrigintzarengan utzi du Otañoren oroimena, beste behin ere.
Aktore-extra izateko aukera eszena jendetsuetan
Onbuaren itzala filmean herritar xumeek ere parte har dezakete, multzoko aktore-extra bezala. Jende asko beharko den bizpahiru eszena aurreikusten dituzte: 1893an Donostian ‘Gernikako Arbola’ abestu ondoren poliziak bortizki erreprimitu zuen manifestaziorako, Otañori Pasaiako portuan egin zioten agurrerako, eta Karidadeko Bentako giroa irudikatzeko (Ziraukin, Nafarroan, grabatuko dute azken eszena hori). Euskal Herriaren historiaz jakiteko ere balioko du.