«Proiektu sionistaren desagerpenetik pasatzen da irtenbidea»
Manifestazio nazionala deitu du larunbaterako Palestinarekin Elkartasuna dinamikak, Ordizian. 12:00etan hasiko da San Bartolome auzoan, eta Beasainen amaituko da.
Zergatik eta noiz sortu da Palestinarekin Elkartasuna dinamika?
Asier Alvarez de Eulate: Urrian hasi ginen plataforma osatzen dugun kolektibo desberdinak elkarrizketetan, kezka handi batetik eta sarraskiaren aurrean elkartasun dinamika bat abiatzeko asmoz. Kezkaz bizi genuen palestinarren erresistentziaren aurkako kanpaina mediatikoak izan zezakeen eragina. Argi eta garbi Israelen kanpaina militarra osagarritzera zetorren. Palestinarren eskubideen alde hitz egin zuten alderdi eta eragileek ere, aho txikiz egin zuten, beti fokua gatazkaren ondorioetan jarriz eta ez gatazkaren kausetan. Giza eskubideak errespetatzeko eskatzen jarraitzen dute, garbiketa etnikoan oinarritzen den estatu bat zilegiztatzen duten bitartean. Guk distantziakidetasun guztien gainetik, palestinarren erresistentziaren zilegitasun osoa aldarrikatu eta diskurtso hegemonikoari aurre egiteko beharretik sortu genuen Palestinarekin Elkartasuna dinamika.
Manifestazio nazionala, zergatik Ordizian?
Mattin Aranburu: Ordiziatik Beasainera joango da, tarte horretan aurkitzen den CAF enpresaren papera seinalatuz besteak beste. CAF euskal enpresek proiektu sionistarekin duten inplikazioaren sinbolo bat da.
CAFek Jerusalen eta Palestinako Lurralde Okupatuetan israeldar koloniak lotuko dituen tranbia eraikitzeko proiektua dauka esku artean. Hori bertan behera uztea izango da aldarrikapen nagusia?
A.A.: CAFen tranbiaren kasua adibide egokia iruditzen zaigu Euskal Herrian kokatzen diren hainbat enpresen konplizitatea azaleratzeko. Fokua bertan jarri badugu ere kontziente gara entitate sionisten besoak luzeak direla. Euskal enpresa deiturikoak ez dira salbuespena, ezta beren burua aurrerakoi moduan aurkezten dutenak ere. Ez dira berriak, esaterako, Mondragon korporazioak edo Euskadiko Nekazal Kooperatiben Federazioak kolonizaziorako tresna nagusiekin dituzten erlazioak.
Enpresa eta erakundeen konplizitatea salatzen duzue.
M.A.: Palestinarren aurkako gerrarekiko erantzukizunak hemen hasten dira. Esan bezala mota guztietako enpresak ari dira poltsikoak betetzen palestinarren tragediaren lepotik. Guztia Espainiako Gobernuaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren bitartez egiten da, hauek eskuineko zein ezkerreko alderdiez babestutakoak izan. Unibertsitateek betetzen duten papera ere ezaguna da guzti honetan. Konplizitate guztiekin eteteko exijitzen diegu aktore desberdinei eta garesti ordainarazi behar diegu gizarte moduan sionismoarekin kolaboratzeko hautua egiten dutenei. Lehen pausoa bakoitzaren mozorroak kentzen hastea da.
CAFeko langile batzuek inplikazioa erakutsi dute, enpresari eskaritik ateratzea eskatuz.
M.A.: Langileek ez dute beren anaia eta arreba palestinarren aurkako usurpazioaren parte izan nahi. Gauzarik normalena iruditzen zaigu hori. Posizio hori publikoki defendatzea eta aurpegia ematea txalogarria iruditzen zaigu. Bestalde, ez gaitu gehiegi harritzen besteen miseriaren gainean aberastasuna metatzea ogibide dutenek proiektu sionista probesteak ere. Ezta Gipuzkoako Aldundia azken hauei dominak ematen ibiltzeak ere. Ez harritzeak ez du esan nahi, ordea, aurrean izango ez gaituztenik.
Zein da Palestinan gertatzen ari denaren kausa politikoa?
A.A.: Ekialde Hurbila potentzia desberdinen arteko guda zelai nagusienetakoa da dituen ezaugarri geografiko eta baliabide energetikoak direla eta. Aktore ekonomiko garrantzitsuek, proiektu kolonial eta nazionalista bat bultzatu zuten Palestinako lurretan. Hauek babes politikoa izan zuten Lehen Mundu Gerran Britainiako Inperioari emandako laguntza ekonomikoaren truke. Lapurretarako eta eskualdearen kontrol politiko-militarrerako plataforma izan da Israelgo Estatua bere sorreratik gaurdaino. Bertako biztanleriari bizi bitartekoak desjabetuz, beren lurretatik kanporatuz eta bazterkerian oinarrituriko erregimenean isolatuz burutu da prozesua. Azken urteetan asko gogortzen ari zen kolonizazio prozesua. Aldi berean, inoiz baino harreman diplomatiko eta komertzial hobeak ari zen izaten estatu sionista nazioartean. Baita honekin zilegitasuna irabazi ere. Testuinguru honetan ulertu behar dugu Erresistentzia Palestinarrak urriaren 7an egindako operazioa.
Nondik eman behar zaio irtenbidea sarraskiari?
M.A.: Irtenbidea Israelgo estatuaren, hau da, proiektu sionistaren desagerpenetik pasatzen da. Honekin batera etorri behar da bestalde, errefuxiatutako eta erbesteratutako palestinarren itzulera ahalbidetuko duen deskolonizazio prozesua eta palestinar preso politiko guztien askatasuna.
Urriaren 7tik egoera okertu eta hedabideetara zabaldu da, baina urte luzeko kontua da.
A.A.: Palestinako biztanleriaren egoera muturrekoa da aspalditik eta komunikabideek jokatzen duten papera bereziki salagarria da. Palestinarrek hamarkada luzez bizitako tragedia ezkutatu dute eta egoera normalizatu. Israel estatu demokratikotzat mozorrotzen dute eta zapaltzaileen aurka altxatzen direnak terroristatzat jo. Urriaren 7ko operazioaren inguruan zabaldu zituzten astakeriak ere banan-banan gezurtatzen ari dira. Baina beren funtzioa jada bete zuten. Israelen erasoa lejitimatzeko ezinbestekoak izan dira. Urriaren 7aren ondoren Palestinarren bizi baldintzek okerrera egin dute baina munduaren aurrean garrasia entzutea lortzeko modu bat ere izan da. Gatazka berriro jendearen ahotara ekarri du eta hori garaipen moduko bat ere izan da. Ezin dugu ahaztu aurretik ere kolonoak erakartzen eta, bizi baldintza gogorrak inposatuz, palestinarrak erbestera bultzatzen, atxilotzen eta erailtzen ari zirela etengabe.
Hegoafrikak Nazioarteko Auzitegian Israelen sarraskia salatu du. Gobernuen inplikazioa behar da?
A.A.: Gobernu gehienak inplikatuta daude. Mendebaldeko gobernuek Israelekin harreman komertzial eta diplomatiko indartsuak dituzte, arma salerosketaren bitartekari dira eta Israelen interesak defendatzen dituzte estatu sionista iristen ez den eremuetan. Bitartean, beren herrialdeetan palestinarren aldeko ekimenak debekatu, isilarazi eta erreprimitzen dituzte.
Hegoafrikaren ekimenarekin ere ezin dugu itxaropen handirik izan. Presio mekanismo bat da, ez konponbiderako giltza. Urte luzetako ibilbide judizial bat abiatu da, emaitza zalantzazkoarekin. Israel zigortua izanez gero ere, berau betearazteko Segurtasun Kontseiluko kide guztien inplikazioa behar da. Gatazka sortu zutenek ez dute gatazka konponduko.
Zer egin dezakete herritarrek?
A.A.: Nazioarteko Komunitate deitzen dioten horiei eskaerak egitera mugatzea antzua da. Israelen existentzia garrantzitsua da potentzia inperialista desberdinentzat. Ezin dugu eurengandik ezer handirik espero. Herritarrok ere, bakarka ezin dezakegu gauza handiegirik egin. Beharrezkoa da zapalkuntzen aurkako elkartasuna antolatzea, bai lurraldean bertan, bai internazionalki. Herritarron indarra metatu eta sionismoarekin amaitzeko modua Palestinatik bertatik eskaini digute: Boikot, Desinbertsio eta Zigorren bidez presioa egitea. Honegatik bultzatzen dugu sionismoarekin elkarlanean aritzen diren produktuen boikota, eskatzen euskal enpresen sareari palestinarren oihuari kasu egin eta interes ekonomiko horiei uko egin diezaion eskatzen diogu eta gobernuei zigorrak bultzatzea.
Euskal Herriko toki ezberdinetatik autobusak antolatu dira. Parte hartze altua espero duzue etzi?
M.A.: Aurreko mobilizazioetan erakutsi dugu mezu argi eta sendo batekin mobilizazio jendetsuak egin daitezkeela. Genozidio sionista eta bere konplize guztiak seinalatu nahi ditugu, eta palestinar erresistentziari babesa eman. Jende askoren babesa izan du mezu horrek eta larunbatean ere hala izango dela uste dugu.