Adinekoak eta herri eskolako ikasleak ‘ttipi-ttapa’ elkarrekin Ormaiztegin
Urtarrilaren 17ko saioan ia 40 bat pertsona elkartu ziren. Belaunaldien arteko hurrengo ibilaldia otsailaren 7an egingo dute. Gainontzean, asteazkenero egiten dute adinekoek ibilaldia, 10:30ean.
Ormaiztegiko paseo osasungarriak sustatzeko Ttipi-ttapa taldea handitzen ari da. Pasan den urtarrilaren 17an San Andres herri eskolako ikasleak batu ziren asteazken goizetako ibilaldira, eta horrela jarraitzeko asmoa dute aurrerantzean ere. Hala, hilabetean behin, Oin-harriak jubilatu elkarteko kideak eta eskolako adin ezberdinetako haur eta gazteek elkarrekin ibilaldia egingo dute herrian zehar. Hurrengo hitzordua otsailaren 7an izango da.
Ekimenaren helburua herriko haur eta gazteak eta adinekoak elkar ezagutu eta elkarrekin “une goxo” bat pasatzea da. Amaieran, pintxoa eta salda hartzeko aukera izango da. Jubilatu elkartetik herriko adineko guztiei luzatu diete ekimenera batzeko deia. Ordu beteko ibilaldiak izan ohi dira, herrian zehar, eta bakoitzak bere erritmora joateko aukera izaten du.
Ia 40 pertsona
Urtarrilaren 17ko Ttipi-ttapa saioa berezia izan zen. Lehenedabizikoz belaunaldien arteko ibilaldia osatu baitzuten Ormaiztegin. Lehen ibilaldi hartan 20 bat ikaslek hartu zuten parte, irakasleez lagunduta eta adinekoen taldean ere 18 bat lagun elkartu ziren. Ttipi-ttapa saioak asteazkenero egiten dituzte eta 10:30ean elkartzen dira udaletxe parean. Belaunaldien arteko hurrengo ibilaldia otsailaren 7an izango da.