Festak aurrea hartu dio Axariari
San Blas jaietako lehen ekintzak gaur izango dira. Herri kirol dema egingo dute bihar, Makalaaak eta Ampoko kideen artean. Igandean, haurren danborrada egingo da.
Gaur zortzi jaitsiko da Axaria Idiazabalera. Baina festa azkarragoa da eta sanblasetako lehen ekintzak asteburu honetan egingo dira. Gaur, 16:00etan, Kantu jira taldearen emanaldia izango da eguneko zentroan.
Festetako egitaraua «askoren arteko joste lanaren emaitza» dela azpimarratu du Iñaki alberdi Idiazabalgo alkateak. «Herrigintzaren ispilluetako bat da urterik urte osatzen den jaietako egitaraua», gaineratu du. «Eskuz esku, herritarren eta elkartetako eragileen arteko elkarlanari esker antolatu ahal izan dugu aurten ere ekitaldiez beteriko egitarau zabala, herritar gehienen adin, gustu eta zaletasunak asetzeko asmoz». Lortu dutelakoan dago alkatea.
Adin ezberdineko herritarrei bideratutako kultur eta kirol ekintzak izango dira nagusi asteburuan: bihar, 10:00etan, probintzia mailako bolo txapelketa eta Compak Sporting plater-tiroketa ikuskizuna egingo dira. Modalitate honetan platerek animali basatien mugimenduak imitatzen dituzte (lurrean arrastaka, hegan, adar artean…) eta ehizarekiko antzekotasun gehiago ditu. Plater gehien apurtzen dituenak irabazten du. Altunaraztiko belardian izango da saioa.
Ez da eguneko kirol ekialdi bakarra izango. 17:30etik aurrera, Makalaaak taldearen eta Ampoko beteranoak nor baino nor arituko dira herri kirol deman. Bederatzi probatan neurtuko dituzte indarrak: aizkoran, txingetan, korrikan, ingudean, harri-jasotzean, trontzan, zaku-eramatean, lokotx-biltzean eta sokatiran.
Iaz jokatu zuten, aspaldiko partez, herri kirol desafioa eta sekulako arrakasta izan zuen. Igarondo pilotalekuko harmailak lepo bete ziren. Orduko hartan, idiazabaldar gazteak helduen aurka aritu ziren.
19:30ean Birigarroa txistulari taldeko kide ohiaknkalera aterako, dira idiazabaldarren bila. Kalejira egingo dute, Zelaako kiroldegiraino. Han, 20:00etatik aurrera. 31. txistu alardea egingo dute.
Danborrak eta baloiak
Igandean futbito txapelketako finalerdiak jokatuko dira. Beertrunken eta Drink Team arituko dira alde batetik eta Belarxarrak eta Moreda, bestetik. Bi partidetako garaileek elkarren aurka jokatuko dute finala. 19:00etan hasiko da lehen partida, futbito kantxan.
Aurretik, 17:00etan, Haurren daborrada izango da. Eskola ingurutik abiatu eta herria zeharkatuko dute.
Igande goizean, era berean, herri krosa jokatuko da. Aurrena haurren txanda izango da eta eguerdian, helduena. Gaur bukatuko da izena emateko epea.