Kantineren ordez, laguntzaileak aterako dira aurten Idiazabalgo haurren danborradan
Ekimen parekideago baten aldeko erabakia izan da. Neskek eta mutilek laguntzaile izateko aukera izango dute. Orain arte, neskei soilik ematen zitzaien kantinera bezala desfilatzeko aukera.
Kantinerak desagertu egingo dira aurten, San Blas jaien baitan egingo den haurren danborradan. Haien ordez, laguntzaileen figura berri bat sartuko da. Orain arte, neskei soilik ematen zitzaien kantinera bezala desfilatzeko aukera. Horregatik, nesken eta mutilen arteko ezberdintasunak ekiditeko helburuarekin, eta ekimen parekideago bat antolatzeko asmoz, laguntzaileen figura sortu dute aurten, neskek eta mutilek, ezberdintasunik egin gabe, izango dute rol honetan desfilatzeko aukera.
Aurrekariak I. Berdintasun Planean
Idiazabalgo Udalak Idiazabalgo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana osatu zuen 2020an. Herriko berdintasun egoerari buruzko diagnostikoa egin zen lehenengo, gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak detektatu ziren lan horretan; eta herrian antolatzen ziren hainbat ekimenetan, tradizioz zegoen genero-rolen banaketa zehaztu zen.
Plangintza hura oinarri hartuta, haurren danborrada antolatzean arduratzen den lantaldeak genero ikuspegian oinarritutako lanketa sakona egin du orain, eta danborradan atertzen diren pertsonaien rolak aztertu dituzte. Hala, kantineren ordez laguntzailek sartzeko erabakia hartu dute. “Gizarte justuago baterantz eta berdintasunerantz egiten den pauso bat” dela azpimarratu dute.
Bestalde, udaleko berdintasun sailetik, jaiak “errespetuan” ospatzeko deia luzatu du, “inongo eraso eta diskriminaziok lekurik izango ez duten jaiak izan daitezela eta herritar orok izan dezala parte hartzeko aukera”, gaineratu dute.