Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitatearen merienda erraldoia, gaur, Plaza Nagusian
'Negua Dantzan' jaia antolatu du aurten ere komunitateak. 16:30ean eskolatik atera eta elkarrekin joango dira plazara. 17:30ean, komunitateko familiek prestatutako jakiak dastatuko dituzte bertan.
Ordiziako Euskal Eskola Publikoko komunitateak merienda erraldoia egingo du gaur arratsaldean, Plaza Nagusian. Negua Dantzan jaia egingo dute, urtea elkarrekin indarrez eta festa giroan hasteko. Jaian dastatuko dituzten jaki guztiak komunitateko familia bolondresek prestatuko dituzte. Urdanetarrak Guraso Elkarteak azaldu duen bezala, “ikastetxean modu positiboan bizitzen den aniztasunaren isla” izango da Ordiziako Plaza Nagusia gaur.
Haurrak 16:30ean eskolatik irteten direnean, guraso eta haurrak Lehen Hezkuntzako eraikinetik Haur Hezkuntzako eraikinera joango dira, eta musikaren laguntzarekin, plazara abiatuko dira denak batera. 17:30ean Guraso Elkarteak antolatutako merienda izango dute haur zein gurasoek. Herrialde ezberdinetako jana eta edana egongo da eta haurrek dantza ekitaldia ere egingo dute. Dantzaldia amaitzean, musikarekin jarraituko dute jai giroan.