Paul Urkijo zinemagileari emango diote Urrezko Kalabaza
Gaur aurkeztu dute Barrena Jauregian XVII. Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia. Otsailaren 15etik martxoaren 17ra izango da. Goierrin, Ordizian, Seguran eta Ataunen izango dira emanaldiak.
Intujai Teatrok Ordiziako eta Tolosako udalekin antolatutako Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia heltzear da. Otsailaren 15etik martxoaren 17ra, ahozkotasunari lotutako ekitaldiak izango dira Gipuzkoako herri ezberdinetan. Goierrin, Ordizian ez ezik, Ataunen eta Seguran ere egingo da ekitaldi bana. Aurtengo Urrezko Kalabaza saria Paul Urkijo zinemagileari emango diote, Tolosan.
Hilabete eta erdiz, 20 herritan baino gehiagotan, 50 ekitaldi baino gehiagoren bitartez, ahozkotasuna eta transmisio orala izango dira protagonistak. Hamazazpigarren Ahoz Aho jaialdia izango da aurtengoa. Gaur eguerdian aurkeztu dute Ordiziako Barrena Jauregian, Intujai Teatroko May Gorostiagak, Adur Ezenarro Ordiziako alkateak, Manex Berzosa Ordiziako kultur zinegotziak, Goiuri Ezeiza Tolosako kultur zinegotziak eta Iñaki Carretero, Maider Alzelai eta Joxemari Carrere ipuin kontalariek.
Euskal Herriko zein atzerriko punta-puntako ipuin kontalariak elkartuko ditu jaialdiak. %70 euskaldunak dira. Gorostiagaren hitzetan, atzerriko figurek kontatzeko “beste modu batzuk ezagutu eta zubiak eraikitzeko” aukera eskaintzen du. Tartean, Aldo Mendez kubatarra, Nelson Calderon kolonbiarra, Celine Rainoird frantziarra edo Vera Makucevica letoniarra aipatu ditu. Azken horrek euskaraz eskainiko du emanaldia txotxongiloekin.
Kanadatik Euskal Herrira
Quebec-eko artisten presentzia ere izango du jaialdiak. Berceurs du Temps konpainiak Kulunka Denbora emanaldia eskainiko du Arrasaten. Sehaska kantak biltzen ari dira eta 80tik gora hizkuntzatan dituzte. Jaialdira datozela aprobetxatuta, euskarazko sehaska kanta batzuk grabatuko dituzte. Emanaldian, kulunka batzuk jartzen dituzte entzulea eseri dadin, kulunkatu bitartean sehaska kantak entzun ditzan. Quebec-etik Marta Saenz de la Calzada ere izango da jaialdian. Leonen jaioa, frankismo garaian emigratu zuen hara eta bertan finkatu zen. Luis Saenz de la Calzada haren aita Lorcarekin batera La Barraca antzerki taldeko kide izan zen. “Askotan, etortzen den jende hau ez da bakarrik bere lana, pertsonak berak altxorrak dira gure jaialdian”.
Ipuinen narrazio lehiaketa
Otsailaren 17an, 19:00etan, XII. Ipuin narrazio lehiaketako sailkapen fasea egingo da Ordiziako D’elikatuz aretoan. Ane Gebara euskal herritarrak aurkeztuko du, eta artista gonbidatua Yaima Orozco kubatarra izango da. Martxoaren 22an izango da gala nagusia eta finala, Barrenan, 19:00etan.
Goierrin
Ikastaroak, ipuin kontaketak, txango girotuak, euskal kontalarien topaketa, magia saioak… ahozkotasunaren bueltan, haurrei zein helduei zuzendutako ekintzak izango dira hainbat herritan.
Goierriri dagokionez, hauek dira eskualdean egingo diren ekitaldiak:
- Otsailaren 17an:
- Umeentzako saioa egingo dute Charo Pita galiziarrak eta Odei Arregi euskal herritarrak, 12:30ean, Segurako liburutegian.
- XII. ipuin narrazio lehiaketako sailkapen gala, 19:00etan, Ordiziako D’elikatuzen.
- Martxoaren 2an:
- Saio familiarra Ane Gebara (E.H.) eta Nelson Calderonen (Kolonbia) eskutik, 17:00etan, Ordiziako Barrena Jauregian.
- Gertuko magia saioa: Ordizian, Garagartza plazan eta Plaza Nagusian magia eskainiko dute Eneko Gutierrez (E.H.), Maria Arandia (E.H.) eta Diego Calavia (Errioxa) magoek, 19:00etan.
- Martxoaren 6an:
- Umeentzako saioa Maider Alelairen eskutik, 10:00etan, Ordiziako Urdaneta eskolan.
- Helduentzako saioa Marta Saenz de la Calzada (Quebec) eta Iñaki Carreteroren (E.H.) eskutik, Ataungo Troskaeta Tabernan, 19:00etan.
- Martxoaren 7an: Marta Saenz de la Calzada eta Iñaki Carretero Ordiziako Barrena Jauregian, 17:30ean.
- Martxoaren 14an: Ixabel Millet (E.H.) Ordiziako Jakintza Ikastolan, 10:00etan.
- Martxoaren 20an: Amaia Hennebutte (E.H.) Ordiziako Barrena Jauregian, 18:00etan.
- Martxoaren 22an: Ordiziako Barrena Jauregian, 19:00etan, Ahozkotasunaren Gala Nagusia eta XII. Ipuin narrazio lehiaketako finala.
Urrezko Kalabaza
Martxoaren 23an, Tolosako Amarotz-en, 9:30ean, Ahozkotasunetik Sortua hitzaldia izango da. Dorleta Kortazar-ek gidatuko du solasaldia. Urtero gai bat jorratzen dute, eta aurtengorako sormen lana ahozkotasunetik jasotzeari egingo diote tartea. Maider Galarza, Iban Perret, Ixabel Millet eta Paul Urkijo izango dira gonbidatuak. Egun eta leku berean, baina 12:00etan, Paul Urkijok jasoko du Urrezko Kalabaza saria, “ahozkotasunean oinarrituta, euskal tradiziozko ipuinak zinemara eramateko eta ipuin tradizionalen fantasia irudikatzeko” gaitasunagatik.