«Reggaetoia, errunbak, rantxerak... denetik jartzea gustuko dugu»
DJ Maisu bikote beasaindarra musikaren munduan kasualitatez hasi zela esan daiteke. Melmak Gaztetxean joko dute gaur, Brigade Loco, Berandu baino lehen eta Iltze taldeekin batera.
DJ Maixu izenaren atzean nortzuk zaudete?
Uxue Perez: Maialen Olano eta Uxue Perez gara. Beasaingo jai batzordean, DJ bat behar zela eta gure burua aurkeztu genuen musika jartzeko. Ordutik, egin ditugu emanaldi batzuk-batzuk.
Izenarena…
Maialen Olano: Ez genion buelta askorik eman, ez! Gu bion izenak elkartu eta hortik dator hitz-jokoa.
Nolakoa izan zen lehenengo emanaldi hura?
U. P. : Ba egia esan, aurretik ez genuen gure burua horretan ikusten, ezta pentsatu ere, baina primerakoa izan zen. Gure inguruko jende guztia etorri zen, lagunak, familia… Sekulakoa izan zen eta primeran pasa genuen!
Nolakoa izan zen lehenengo emanaldi hura?
U. P. : Ba egia esan, aurretik ez genuen gure burua horretan ikusten, ezta pentsatu ere, baina primerakoa izan zen. Gure inguruko jende guztia etorri zen, lagunak, familia… Sekulakoa izan zen eta primeran pasa genuen!
Nolako musika jartzen duzue?
U. P. : Remix-ak gustatzen zaizkigu, baina denetik jartzen dugu. Batez ere jendearentzat ezagunak diren abestiak jartzen ditugu, eta dantza egitekoak, reggaetoia, errunba, rantxerak… Jolasak ere proposatzen ditugu oholtza gainetik.
Nolako ekitaldietan parte hartu izan duzue?
U. P. : Jaietan eta biok bat egiten dugun egitarau politikoetan, batik bat.
Kontzertu asko dituzue?
M. O. : Hasieran bai, toki dezentetan jo genuen, biak ere librexeago geunden, baina orain ikasketak direla eta lana dela, zailagoa da denera iristea. Egia esan toki askotatik idatzi digute, baina ezetz esan behar izan dugu, eta beraz, emanaldi gutxiago lotu ditugu. Hurrengoa otsailaren 3an izango da Xuberren.
Ikasten eta lanean ari zaretela diozue. Zertan ari zarete?
U. P. : Ostalaritzan egiten dugu lan, Beasainen bertan. Gauean lan egiten dugu eta horrek laguntzen digu ikusten zer musika gustuko duten gazteek. Eta ikasketei dagokienez, Euskal filologia ikasten ari naiz Gasteizen, eta Maialen Haur Hezkuntza egiten ari da.
Beasaingo Gaztetxean bai joko duzuela gaur. Nola zaudete?
M. O. : Gaztetxean etxean bezala sentitzen gara. Ez da lehenengo aldia bertan jotzen dugula, beraz, lasai gaude, baina batez ere gogotsu.
Beste hiru talderekin elkarbanatuko duzue Gaztetxeko oholtza.
M. O. : Iltzek joko du lehenik. Beasaindarrak dira eta aspaldiko lagunak ditugu oholtzan eta handik kanpo ere bai. Berandu baino lehen taldeak joko du ondoren. Bergarako taldea da eta duela gutxi hasi ziren. Brigade Loco da karteleko talde ezagunena. Gipuzkoako musika talde bat da, 2017an sortua. Bergara, Hernani eta Deba herrietako kideak ditu. Gehienbat punk-rock abesten dute, baina baita punk-oia ere. Eta guk itxiko dugu gaua.
Sarrerarik geratzen al da?
U. P. : Batzuk geratzen dira oraindik. Beasainen, Bide Plaza tabernan, eta Bergaran, Arranon eskuratu daitezke, sei euroan.
Bestelako ekitaldirik izango da laster Gaztetxean?
M. O. : Aurten Gaztetxearen 20. urteurrena ospatuko dugu eta zerbait potoloa antolatu nahi dugu. Irailean da. Laster izango duzue informazio gehiago.