Atauniker elkarteak hasi ditu 20. urteurrena beteko duen urteko ekitaldiak
Ohiko eskaintza plazaratuta ospatuko du bi hamarkadako bidea. Ospakizun berezirik egingo ez badute ere, bi argitalpen aterako dituzte aurten. Historia eta kultura biltzen segituko du elkarteak.
Ataunikerrekoak 2017an, 1740ko herri planoa aurkezten. Aimar Maiz Ataungo kultura eta historia ondarea jasotzeko, gordetzeko eta zabaltzeko helburua duen Atauniker elkarteak hogei urte beteko ditu 2024an. 11 lagunekin abiarazi zuten, 2004an, nahiz eta aurkezpen ofiziala 2005eko martxoan egin zuten. Ataunen «nahiko itzalduta» ikusten zuten kultura suspertzeko eta indartzeko elkartu ziren, eta bi hamarkadatan jarduera anitzak eta ezberdinak burutu ditu.
Gaur egun, 40 bat bazkide ditu Ataunikerrek, urteko kuota bat ordainduz laguntzen dutenak, bai herrikoak, bai kanpoan bizi diren ataundarrak. Ataungo herriko gaiak ikertzea hartu zuen zeregin nagusitzat, baina arlo askotara zabaldu du ekinbidea.
Hogei urteotan, hitzaldi ugari antolatu dituzte, gai politikoak edo polemikoak zirenean mahai-inguru formatuan. Herri bisitak eskaini dizkie herriko nahiz kanpoko taldeei, Ataungo ondarea ezagutzeko. Ahozko ondarea bildu dute, erakusketak jarri, herriko argazki, kartel eta bestelako agiri zaharren bilketak eta digitalizazioak burutu dituzte, edota San Martingo elizako organoa jotzen ikasteko ikastaroak antolatzen ari dira, joan direneko bizpahiru urteetan.
Azken boladan, bestetik, Ataunikerreko adar bat ingurumen gaietan murgildu da. Leizeta filma eta kobazuloen katalogazioa nahiz kontserbazioa ditu langai. Herriko pertsonaia historikoen oroimena mantendu dute, omenaldiak antolatuz: Lazkao Txikiren Intxustiko iturriko bertsoarekin hasita, Joxean Artze, Juan Barandiaran apaiza nahiz azkena Joxe Arratibel ipuin biltzailea oroitu ditu.
‘Nondik’-en jasota
Oargi-Troskaeta taldeak 1976an sortutako Nondik herri aldizkaria berreskuratzea izan da Ataunikerren urteotako beste lan bat. 2007an berrekin zioten, 28. zenbakia argitaratuta. Abendukoarekin 46.era iritsi dira.
20. urtemuga ospatzeko ezer berezirik ez dutela prestatu aurreratu dute Ataunikerrekoek. Hala eta guztiz, aurtengorako badituzte bi proiektu esku artean: 1960an Ataunen eman zuten sukaldaritza ikastaro bateko dokumentazioa jaso dute, eta han landutako 150 bat errezeta atonduta eta euskaratuta, liburu bat aterako dute, datorren hilean.
Bestetik, Ataunen jaiotako Julio Ibañez margolariari buruzko lanketa da, beste liburuxka baterako aztergaia izango dutena.
Urteko lehen hitzaldi-sortarekin hasita daude. Lehengo astean egin zuten, bizikleta bidaiez.













