Jolastoki seguruagoa Ugarte Zelai auzokoentzat
Zegamako Ugarte Zelai auzoko eremu bat asfaltatzeko eta egokitzeko lanak amaitu berri dituzte. Aritz Agirre, Zegamako Udaleko hirigintza zinegotziak esan duenez, «haurrak jolasteko leku seguruagoa» da, orain. Lanen lehendabiziko fasea burututa, bigarrenari ekingo diote etorkizun hurbilean. Auzoko bizilagunei galdegingo zaie zer egin nahi duten bertan.
Zegamako Udaletik adierazi dutenez, «aspaldiko eskaera» zen Ugarte Zelai auzoko eremu hori egokitzearena. Aurretik, «hesiz itxitako gune bat» zen, bertan egurrak eta bestelako materialak pilatu eta gordetzen ziren eta bertan jolasteko ohitura zuten haurrentzat «arriskutsua» zen. Horregatik, «eremu seguruago bat eraikitzea» izan da helburua.
Lanak Lurkide enpresak egin ditu eta exekuzioa azkar burutu da. Lanak oinarrizkoak izan dira, «40×15 metro koadroko eremuan hormigoia bota da jolastoki seguruago bat egiteko». Lanak ez dira amaitu, dena den. Bigarren fase bati ekingo diote laster, baina aurretik auzotarrei galdegingo zaie zer den bertan eraikitzea nahi dutena. Udala proposamen guztietara irekita dago, «eremu libre bat izan daiteke, edo hondar parke bat, skate parkea…» zerrendatu dute.
Etxebizitza berriak
Ugarte Zelain etxebizitzak eraikitzea aurreikusita dago, baina proiektu hori atzeratzen ari da. Horregatik, etxebizitzak egiten hasi aurretik egin dituzte lanok, «jada bertan bizi direnei aukera» emateko.