Larunbatean jokatuko dira Beasaingo herri lasterketa eta lasterketa mistoa
Bealak taldeak antolatu du hamalaugarrenez .Bi probetan parte hartzeko izena eman behar da herrikrosa.eus webgunean. Marimurumendi eta G2H probetarako dortsalak zozkatuko dira
Lasterkariak prest daude Beasaingo Herri Lasterketaren eta Lasterketa Mistoaren edizio berri bat jokatzeko. Bealak taldeak antolatu du, hamalaugarrenez. Aurten baina, aldaketa nabarmenekin dator. Aurreko edizioetan martxoan eta igande goizetan egin izan da. Aurten, otsailean egingo da, martxoan ekitaldi mordoa dagoelako, eta larunbat arratsaldean izango da, 17:00etan abiatuko dira. Hala jende gehiago inguratzea espero du antolakuntzak.
Lasterketaren ibilbidea ondorengoa izango da: Kale Nagusitik abiatuko dira, eta Nafarro etorbiderantz egingo dute. Handik, Igartza Oleta, Katea, eta Trenbide kaleak zeharkatu ondoren, Barrendain Plazan, Joan Iturralde kalea hartuko dute. Zaldizurretako biribilgunean sartu eta Gipuzkoa plaza aldera joango dira, eta J.M. Iturriotz kaletik, Kale Nagusira itzuliko dira. Bakarkako lasterkariek, hamar kilometroko zirkuitua egingo dute eta mistokoek bost kilometrokoa.
Lasterketan parte hartu nahi dutenek, izena emateko aukera zabalik dute oraindik. Horretarako, herrikrosa.eus webgunean sartu beharko dute. Lasterketaren irteera ordua baino ordu erdi lehenago itxiko dituzte izen emateak.
Gogoratu, parte hartzaileen artean uztaileko bigarren asteburuan jokatuko diren Marimurumendi eta G2H lasterketetarako dortsalak zozkatuko direla.
Bestalde, gaztetxoen lasterketa ere jokatuko da. Benjaminek 500 metro eta alebinek 1.000 metro egingo dituzte. 16:15ean abiatuko dira. Izen emateak, lasterketaren aurretik, 15:30etik 16:00era , Plazazpian.
Trafikoan eragina
Lasterketa herrikoia dela-eta, herri barruko hainbat kale ibilgailuen trafikoari itxita egongo dira larunbatean,16:00etatik 18:15era. Sarbidea debekatuta egongo da Nafarroa etorbidera eta Kale Nagusira. Dena dela, larrialdi bat sortuz gero, lasterketako antolatzaileekin edo udaltzaingoarekin harremanetan jartzea aholkatu dute.