Fruta arbolak txertatzeko erretxina prest dago
Azken egunetako eguraldi epelak lagunduta, barazki landareen salmenta mugitzen hasi da. Porruak, tipulak, letxugak... aldatzeko garaia da, baita marrubiak ere. Fruta arbolak txertatzen ere hasi daiteke, erretxina badago.
Batzuk oporretara joanda ziren, baina gehienek ez diote hutsik egin asteazkeneroko hitzorduari, eta Ordiziako feriak aurrera egin du, ohi baino saltzaile gutxiagorekin izanda ere. Eskaintzarik ez da falta izan gainera, ezta berritasunik ere, bi produktu berri iritsi direlako: marrubi landareak eta fruta arbolak txertatzeko erretxina. Erosleak eta bisitariak ere izan dira, eta azken horien artean zeuden Berrobiko herri eskolako ikasleak.
Eta marrubi landareek bakarrik ez, bestelako barazki landareek ere bete dituzte Ibarrako bi landarezaleen postuak, eta horietan ilarak sortu dira. Azken egunetako eguraldi epelek lagunduta, asko hasita daude baratzetako lurrak mugitzen, eta udaberriari begira landareez betetzen ere bai. Orain da porruak, tipulak edo urazak sartzeko garaia, eta horien eskaintza zabala da aipatu bi postu horietan. Gainera, marrubia ere iritsi da, iaz baino zerbait beranduago, eta landare bakoitza 0,80-1 euro artean dago salgai.
Txertaketarako erretxina
Fruta arbolak txertatzeko garaia ere iritsi da, eta Aramako Maite Zurutuzak jarri du salgai erretxina, urtero bezala. Etxean egindakoa da, aita Antoniok emandako errezetari jarraiki. Erretxina naturala, seboa eta kolorea eta malgutasuna ematen dion hautsa dira osagaiak, eta emaitza, pasta gogor bat, fruta aldetik emankorragoa izan dadin zuhaitz landareari txertatzen zaion adar puska itsasteko eta egiten zaion zauria babesteko erabiltzen dena, eta behin berotu eta gero biguntzen dena. Bi tamainako poteetan dago salgai: 11 euroan handia, eta 6,5 euroan txikia.
Ondoko postutik Aramarren erretxina ikustea hurbildu da Simon Aizpuru sagar ekoizlea, eta esan duenez, zuhaitzak txertatzea «operazio konplexua eta tenplea eskatzen duena» da. Zurutuzak hori baieztatu du, eta aitak bi ahizpei erakutsi ziela nola egin esan du. Izan ere, Antonio Zurutuzak etxean hazten zituen sagar landareak, sagardoa egitetik ateratako patxan zeuden hazietatik abiatuta, eta handitzen zirenean berak txertatzen zituen. Gero, saldu egiten zituen, baserritik bertatik, baita Ordiziako ferian ere.
Bi ahizpek aitaren bideari jarraitu diote, eta orain barazki salmentan jarduten dute batez ere. Maite dabil batez ere lan horretan azkenaldian, eta gaur, garaiko produktuez beteriko postua aurkeztu du. Bertan ikustekoa zen ia bi kilo eta erdi pisatzen zuen erremolatxa zaharra.
Kanpokoetan, babak
Baina berrikuntzak ez dira Plaza Nagusiko feria gunean bakarrik ikusi gaur, Zuhaiztian dauden fruta saltzaileek ere aurkeztu dutelako bat, baba. Ilarrak aspaldi iritsi ziren, Almeria aldetik, eta kiloa 5,95 eta 6,9 euro artean saltzen dute. Gaur iritsi diren babak, berriz, 3,90 eta 3,95 euroan zeuden salgai.
Hain zuzen, ilarrak eta babak ere laster iritsiko dira plazako baserritarren postuetara.
Plazako artaburuak
Hurrengo asteari begira ere jarri behar da, artoarekin zerikusia duen erakustaldi berezi bat prestatu dutelako Iñaki Intxaustik, Ekotaloko Julen Altzelaik eta Osoa sukalde ekimeneko Ane Otegi sukaldariak. Intxaustik ekoitzitako arto beltzarekin Altzelaik egindako arto bulgurra prestatuko du Otegik, risotto antzeko bat hain zuzen ere. Horretarako, Beñat Telleriaren gazta urdian eta Intxausti beraren barazkiak ere erabiliko ditu. Osagai guztiekin pakete bat egin eta salgai ere izango dute hurrengo ferian. Erakustaldia 10:00etan hasiko da, eta 11:00etarako emaitza dastatzeko prest egongo da.
Plazako artaburuak izena jarri diote elkarlan honi.