Axariaren jaitsiera protagonista, San Blas jaien bigarren asteburuan
Azken orduko hainbat aldaketa iragarri dituzte. Axaria ostiral eguerdian jaitsiko da herriko plazara. 900 herritarrek eman dute larunbateko paella janerako izena.
San Blas jaien bigarren asteburuari hasiera emango diote bihar Idiazabalen. Biharko iragarrita dauden hainbat ekintzatan azken orduko hainbat aldaketa iragarri dituzte. Playback ikuskizuna Igarondon egingo dute 17:00etan, eta ez plazan. Udaberri pilota saria bihar jokatuko da, 19:00etan Igarondon, eta ez gaur aldez aurretik adierazi bezala; eta ordu berean jokatuko dute — eta ez 20:00etan— futbito txapelketako finala Beertruken eta Moreda taldeek.
Ostiralean, Kandelaria egunez egingo dute Axariaren jaitsiera eta pregoia irakurtzea; aurten, Aldaize herri aldizkariaren eskutik. Eta Mozorro Eguna izanik, mozorrotutako kuadrillak ere protagonismo berezia izango dute, etzi.
900 lagunentzako paella
Larunbatean, 35. San Blas txirrindulari proba eta binakako pilota txapelketa partida azpimarratu behar dira kirol ekitaldien artean. Paella janak ere merezi du aipu bat, salgai jarritako 900 tikeak agortuta baitaude jada. Iluntzean, helduen danborradak hartuko ditu kaleak.
Igandean, Iban Urdangarin eta Oihana Iguaranen bertso saioa eta Florentino Goiburu bertsopaper lehiaketako sari banaketa izango dira goizean. Santa Ageda bezperako koplak arratsaldean eta Axariaren igoerarekin jaien amaiera, 20:30ean.
San Blas jaien egitaraua osorik ikusi hemen.