CAFeko garbiketa zerbitzuko langileek hitzarmen berria sinatu dute
Beasaingo eta Irungo (Gipuzkoa) CAF lantegietan garbiketa zerbitzua egiten duten ISS Facility Sertvices enpresako langileek lan hitzarmena hobetzea lortu dute, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez. Iragan urtean hasi zituzten negoziazioak eta pasa den ostiralean lortu zuten akordioa.
Soldatak Kontsumo Prezioaren Indizearen gainetik eguneratuko dira. Atzeraeraginezko neurria da, gainera. 2023an, KPIa gehi %0,25; 2024an, KPIa gehi %0,5a eta 2025 urterako, KPIa gehi %0,75eko igoerak izango dituzte, zehazki. Bestelako lan balditzetan ere hobekuntzak lortu dituzte: txandak egiteagatik hilabeteko 60 euroko gehigarria adostu dute. Urtetik urtera igotzen joango da eta hau ere 2023. urtetik zenbatuko da.
Eskubideetan aurrera
Langileen eskubideei dagokienez, aurrerapausoak lortu dira hiru sindikatuek jakinarazi dutenez. Batetik, trenak eraikitzen diren eremuetan lan egiten duten emakumeek, peoi espezialista kategoria izango dute hemendik aurrera, eremu berean lan egiten duten beste langileen pare. Eta, bestetik, ohiko gaixotasunengatik aldi baterako ezintasuna garatzen den kasuetarako gehigarriak hobetu dira.