Errugbiko teknifikazio zentro bat jarriko dute martxan Ordizian
Jokalariei goi mailako formakuntzan laguntza ematea izango da zentroaren helburua. Aurre-lanketa egin ondoren, otsailean abian jarri ahal izatea aurreikusi dute.
Errugbiko teknifikazio zentro bat jarriko dute martxan Ordizian datozen hilabeteetan, Altamira estadioko instalakuntzetan. World Rugby-k Pathway izeneko plan bat dauka martxan. Horren bidez jokalari gazteak goi errendimendura zuzentzen laguntzeko baliabideak eskaintzen dituzte. World Rugby-k Espainiako Federazioarekin elkarlanean plan horren barruan hainbat teknifikazio zentro jarri ditu martxan dagoeneko, eta hurrengoa Ordizian kokatuko dute, Euskadiko Federazioaren laguntzarekin.
Teknifikazio zentroen helburu nagusia jokalari gazteak identifikatu eta goi mailan egin dezaketen ibilbidean laguntzea da, formakuntza eskainita. Iaz, Madrilen, Valentzian eta Katalunian ireki zituzten lehen mailako zentroak. Hiru entrenamendu egiten dituzte astean horietan. Ordiziakoa bigarren mailako zentroa izango da, astean bi entrenamendurekin, 16, 17 eta 18 urte arteko Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako neska-mutilei zuzenduta.
Bi entrenatzaile izango dituzte, horietako bat Iñigo Marotias ordiziarra. Oraindik ez daukate hasiera datarik, aurre-lanketarekin baitabiltza, baina hilabete honetan abian jarri ahal izatea aurreikusi dute. “Ordutegiak bilatzen, hautagaiak aztertzen eta aurreko pausoak ematen ari gara. Zerrenda edukitzen dugunean klubekin eta familiekin hitz egingo dugu. Otsailean martxan jartzen ahaleginduko gara”, azaldu du Marotiasek.
Baldintza egokiak
Euskadiko eta Espainiako federazioen ia lehenengo aukera izan zen Ordizian kokatzea, hainbat arrazoirengatik. Batetik, zelaia artifiziala denez urte osoan baldintzak antzerakoak direlako eta zelaitik kanpo entrenatzeko instalakuntza egokiak dituelako estadioak, eta bestetik, Gipuzkoako, Bizkaiko edo Arabako jokalarientzat erdibidean geratzen delako geografikoki.