Ezkio-Itsasoko, Zumarragako, Azkoitiko eta Azpeitiko udalek Buruzai parke eolikoaren aurreproiektuari alegazioak aurkeztu dizkiote
Ezkio-Itsasoko, Zumarragako, Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, Buruzai parke eolikoaren aurreproiektuari dagozkion eta elkarrekin adostu dituzten hemeretzi alegazio aurkeztu dituzte gaur goizean Azpeitiko epaitegian. Lau udalek Buruzai parke eolikoaren tramitazioa aurkeztutako baldintzetan gelditzeko edo aurretiazko administrazio baimena ukatzea eskatzeko aurkeztu dute txosten bateratua. Hain zuzen, lau udalerri horien lurrak hartzen ditu Buruzai parke eolikoak eta hari lotutako azpiegiturak, Izazpi inguruan.
Hainbat bileren ondoren, Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Ana Azkoitia, Azkoitiko alkateak aipatutako alegazioak biltzen dituen dokumentua elkarrekin sinatu eta aurkeztu dute, dagoeneko.
Alegazioek jasotzen dutenez, “Buruzai parke eolikoaren eta hari lotutako azpiegituren tramitazioak ezin du aurrera jarraitu, berme guztiak bete ezean”. Besteak beste, ondorengo arrazoiak ere zerrendatu dituzte alegazioak aurkezterako orduan: “Sustatzaileak ez duelako aurkeztu ez 115/2002 dekretuak eskatzen duen proiekturik —aurreproiektua bakarrik da aurkeztu duena—, ez eta tokian bertan egindako haize-neurketekin osatutako justifikazio teknikorik; aurkeztutako ingurumen inpaktuaren azterketak ez dituelako betetzen ingurumen ebaluazioa egiteko irismen dokumentuan eskatzen diren gutxieneko edukiak; eta natura eta kultura ondarea babesteari dagokionez, inkongruentzia eta bateraezintasun ugari dituelako”.
Bere aldetik, Urretxuko Udalak ere alegazioak aurkeztu ditu Trekutzeko zentral eolikoaren aurreproiektuaren gainean.