«Lesio baten ondorioz hasi nintzen ulertzen yoga zer zen»
Palestinaren aldeko yoga saio solidarioa egingo dute Ekinhaz zentroan ostiralean, eta Ainara Casado Alvarezek (Legazpi, 1982) gidatuko du. Madrilen bizi da aspaldi, eta yoga eta akrobazia irakaslea da.
Nolatan antolatu duzue yoga saio solidario hau?
Ni yoga irakaslea naiz, eta aspalditik nuen Idoia Garderekin batera Ekinhaz zentroan saio bat egiteko asmoa, baina Madrilen bizi naiz eta zaila zen eguna jartzea. Aste honetan Legazpira etortzeko plana nuen, ostegun gauean iritsiko naiz, eta ostiralean posible izango zela ikusita, hala adostu genuen. Palestinan gertatzen ari dena ikusita, elkartasun kutsua ematea erabaki dugu, eta hara bidaliko dugu bildutako dirua, UNRWA elkartearen bidez.
Noiztik bizi zara Madrilen?
2004tik. Turismo ikasi nuen Deustuko unibertsitatean, Donostian, eta amaieran, negozio turismoaren inguruko graduondo bat egitera etorri nintzen Madrilera. Praktikak egiten hasi nintzen ondoren Pullmantur enpresan, eta bertan geratu nintzen lanean, baina COVID garaian gauzak okertu egin ziren enpresan, eta orain yoga irakaslea naiz.
Nola murgildu zinen yogaren munduan?
Oso kirol zalea naiz. Txikitatik igeriketan eta eskubaloian ibili naiz, txirrindularitza egin dut, gimnasia erritmikoa ere bai… Madrilera etorri nintzenean korrika egiten hasi nintzen, eta lasterketa herrikoietan parte hartzen ere bai, baita triatloietan ere. Triatloi probetarako entrenamenduak nahiko gogorrak izaten ziren, eta yoga egiten hasi nintzen, luzamenduak egiteko.
Irakasle noiz bihurtu zinen?
Lesio bat izan nuen, eta yoga bakarrik egin nezakeela geratu nintzen, eta hor ere, aurretik egin nitzakeen postura guztiak ezin eginda. Lesio haren ondorioz hasi nintzen ulertzen yoga zer zen eta zer ematen zuen, eta ikasi egin behar nuela erabaki nuen. Madrilen hasi nintzen, eta 2020ko urtarrilean Indiara joan nintzen, gehiago sakontzeko. Hilabete eta erdi egon nintzen yoga tenplu batean, yoga bizitzen eta esperimentatzen. Itzultzean, COVIDa lehertu zen, eta Pullmanturren lanarekin arazoak genituenez, yoga klaseak ematea erabaki nuen, aterata nituen egiaztagiri guztiak baliatuta. On line hasi nintzen, eta gero presentzialki.
Non ematen dituzu yoga klase horiek?
Irakasle nomada naiz. Toki desberdinetan ematen ditut: fisioterapia zentroetan, kliniketan, kiroldegietan… Bitxia da, baina Espainian yoga kirol gisa dago sailkatuta, eta kiroldegietan klaseak emateko, egiaztagiri gehigarri bat atera behar izan nuen.
«Yoga eta akrobazia lanaren esparruan egiten ditut, eta mendi lasterketak, afizioz»
Hori da orduan zure lanbidea.
Bai, yoga irakaslea naiz, baina akrobazia klaseak ere ematen ditut.
Zer dira akrobaziak?
Geroz eta zabalduago daude, egia esan. Airezko akrobazia da diziplina, eta oihalekin eta aroekin egin daiteke. Nik oihalena lantzen dut. Nire @little_enara instagram kontuan ikusi daiteke egiten dudana. Klaseak Central de Pole zentroan ematen ditut, yogakoekin batera.
Eta nola hasi zinen akrobaziak egiten?
Erronka pertsonal baten ondorioz. Ume batzuk ikusi nituen oihaletatik zintzilikatuta, eta nik ere egin nezakeela pentsatu nuen. Korrika egiten nuen, igeriketa eta txirrindularitza ere bai, gimnasia erritmikotik netorren, indarra banuen… Probatzea erabaki nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Erronka psikologiko bat ere izan zen, gauza berriak egiteko premia nuen, eta diziplina erabat desberdinarekin egin nuen topo. Ikasi, eta irakasle bihurtu nintzen azkenean.
Mendi korrikalaria ere ba omen zara.
Yoga eta akrobazia lanaren esparruan egiten ditut, eta mendi lasterketak, afizioz. Oso kirol zalea naiz! Asteburuan Ordiziako traila egingo dut. Goierriko Kopa ezagutzen dut, eta egutegian dauzkat markatuta proba guztiak, ahal ditudanak egiteko. Aurtengoa, gainera, berezia izango da, Legazpin bertan ere antolatu dutelako bat, Korosti trail, urriaren 13rako. Hori egin behar dut!
Ainara Casado legazpiarrak eta Ekinhaz osasun eta errendimendu zentroak Palestinako kaltetuen aldeko yoga saio solidarioa egingo dute ostiralean, otsailak 2, 18:00etatik 19:30era. Ekinhaz zentroak Bikuña-enea plazan duen lokalean izango da saioa, eta jasotako dirua Nazio Batuetako UNRWA erakunderako izango da.
Yoga egin gabe, ere parte hartu daiteke elkartasun ekintza honetan, dirua emanda bakarrik.
Casadok yoga ezagutzera ere eman nahi du saio honetan, hatha tradizionalean oinarritutako yoga. Besteak beste, asanak, pranayamak eta meditazioa landuko ditu, eta hasi berrientzat edo yoga praktika-
tzen hasi nahi dutenentzat ere egokia izango da. «Asanak edo gorputzaren posturak azalduko ditut, jendeak beldurra ez izateko».