Galeperra elkartea, kinka larrian
Zumarragako Galeperra elkarteak ez ohiko batzar orokorra egingo du elkartearen etorkizunari buruzko behin-betiko erabakia hartzeko. Zuzendaritzako kideek “azken bi urteetan bizi izan den egoera zailaren aurrean, bazkideei egungo egoera konplexuari buruz informatzea ezinbestekoa eta premiazkoa” dela diote.
Batzarra otsailaren 8an egingo dute, 19:00etan, Galeperra elkartean bertan. Batzarrean 2023ko balantze ekonomikoa aurkeztuko dute, Zumarragako Udalak eskatutako azterketa egin duen teknikariak informazioa eskainiko du, zuzendaritza aldatuko dute eta elkartearen etorkizunari buruz hitz egingo dute (bazkideen ekarpenak jasoko dituzte).
Zuzendaritzako kideek batzarrean parte hartzeko eskatu diete bazkide guztiei. “Zuen parte hartzea eta zuen iritziak oso garrantzitsuak dira. Ez dadila inor zalantzak argitu gabe gelditu, ezta pentsatzen duena esan gabe ere, eta ondoren batzarrak erabaki dezala”.