Euskal Herriko basa orkideak ezagutzeko aukera Legazpin
Lora mota horien irudiak jasotzen dituen argazki erakusketa irekiko da bihar Kultur Etxean, eta hilaren 16ra arte egongo da ikusgai. Jose Luis Esteban da egilea.
Euskal Herriko basa-orkideak: sormena lantzen izeneko argazki erakusketa irekiko dute bihar Legazpiko Kultur Etxean, eta hilaren 16ra arte egongo da ikusgai, astegunetan, 17:00etatik 20:00etara. Jose Julian Esteban da egilea, eta bertan, Euskal Herriko txoko askotan aurki daitezkeen orkideen 30 argazki sortzaile erakutsiko ditu.
Erakusketan, landare horien “ikuspegi artistikoa” aurkezten du Estebanek. Irudiak zuzenean egin ditu eremuan, sormenezko argazkigintzako teknikak erabiliz, hau da, desenfokeak, hondo natural eta artifizialak, ispiluak, irudiak pilatzea… Teknika horiek ingurumen argia tratatzen eta moldatzen laguntzen dute, helburu bakar batekin: “Orkideen edertasuna eta berezitasuna nabarmentzea”.
Estebanen hitzetan, “Orkideak, zalantzarik gabe, herritarren artean interes eta jakin minik handiena pizten duen landaretzat har daitezke, ez bakarrik haien edertasun eztabaidaezinagatik, baita loreen forma, kolore eta usainagatik ere. Ezaugarri horiek direla eta, polinizatzaile jakin batzuek bereziki bilatzen dituzte, eta harreman estua dute haien artean”. Gaur egun, orkideen familiak (Orchidaceae) 25.000 espezie eta 750 genero inguru ditu, lurreko leku guztietan banatuta, basamortuetan eta muturreko eremu polarretan izan ezik. Landare hauek batez ere eremu tropikal eta subtropikaletan kontzentratzen diren arren, Euskal Herrian ere espezie (90) eta genero (22) aniztasun handia aurkitzen dugu, habitat mota ugari okupatuz (belardiak, larreak, basoak, zohikaztegiak…). Gehienak leku ireki eta eguzkitsuetan daude, landaretza gutxirekin, Euskal Herriko geologian nagusi diren kareharrizko lurzoruekin (kareharriak, margak, margo-kalizak, dolomiak…) lotuta.
“Batzuentzat ezezagunak eta beste batzuek aktiboki bilatuak, basa orkideek mundu eder eta liluragarri bat eskaintzen dute, ezagutzea eta kontserbatzea merezi duena”.