Kafe kapsulak biltzeko ontzi bat gehiago jarri dute Legazpin
Laubide auzoko 16. ataritik gertu kokatu du Sasieta Mankomunitateak, igogailuaren parean. Legazpin jartzen duen seigarren ontzia da.
Hondakinen bilketa kudeatzen duen Sasieta Mankomunitateak kafe kapsulak biltzeko beste edukiontzi bat jarri du Legazpin, Laubide auzoko 16. ataritik gertu, igogailu publikoaren parean. Udalak eskatuta jarri du edukiontzi hau Sasietak, Laubide eta Urtatza auzoetako bilketa zerbitzua indartzeko.
Legazpin jartzen den horrelako seigarren edukiontzia da. Beste bostak honako puntu hauetan daude jarrita: Aizkorri kaleko 26. atari inguruan, Irene Paredes kirol guneko hormaren ondoan; San Ignazio 26an; Santikutz 12an, ikastolaren aurrean; Plazaola 9an, Azokaren atzealdean; eta San Juan 2an, bidegurutzearen inguruan.
Edukiontzi horietara kafe kapsula solteak bota behar dira, aluminiozkoak zein plastikozkoak; kapsula konpostagarriak, aldiz, edukiontzi marroira bota behar dira.
Aluminiozko eta plastikozko kafe kapsulak prozesatu egingo dira ondoren. Batetik, kafe hondarra ongarria egiteko erabiliko da, eta plastikoa eta aluminioa, edukiontziak edo hiri altzariak egiteko.