Joxalberto Andres hil da, Goierrin askotariko ikerketak buruturiko etnografo ordiziarra
Gaixotasun baten ondorioz, gaur hil da, 53 urterekin. Aranzadi zientzia elkarteko kidea, Goierriko ohiturak, kultura, baserriak, historia eta langintzak aztertu zituen.

Otsailaren 2ak Goierriko etnografo langile eta aztertzaile porrokatu baten heriotza ekarri du. Joxalberto Andres Zurutuza, 53 urteko ordiziarra, gaixotasun luze baten ondorioz joan da. Beasaingo Goierri Beilatokian egingo diote azken agurra, gaur eta bihar.
Hamaika arlotan saiatu zen ikerketan. Aranzadi zientzia elkarteko kidea zen, Etnografia sailean. Zaldibiako mondejuaren jatorria ikertu zuen, 2008an. 1920 aldera kokatu zuen hestebete hori tabernetan eskaintzen hasi zireneko garaia. Ataunen, Joan Arin Dorronsoro Don Joan Txiki ikertzaile eta apaiz ataundarrak egindako eta bildutako etnografia lanen bilduma atondu zuen, eta 2018an liburu batean argitaratu zituzten. 2017an etnografo zaharrari egindako omenaldian ere eragile aktibo izan zen Andres.
Zaldibian, 2015ean, Intsustiko Batasuna izan zeneko (Zaldibia, Ataun, Lazkao) Arkaka-Txikiko haustarria berreskuratzen eta datatzen aritu zen. Zaldibiaren saroia mugatzeko harria zen, mugarria, eta antzinako lurralde antolamenduaren erakusle zen. 1772ko abenduaren 3an kokatu zuten lurrean, Inazio Jauregi Maiz hargin zaldibiarrak egina eta jarria. Karreane kultur etxeko bibliotekan dago mugarri hori, harrezkero.
Goierriren bizitoki-asentamenduen jatorria aztertzen ere aritu zen. Lehen baserriak zeintzuk ziren eta non zeuden ikertu zuen, oikonimoetatik abiatuta. Ez zen arraroa Joxalberto Andres kata arkeologikoak egiten ikustea han-hemenka, bere jakin-min mugagabearen tamainaren adierazle.
Azkenik, Goierriko folklorea biltzeko eta katalogatzeko langintzari heldu zion Andresek. Mikel Sarriegi dantzari eta ikertzaile beasaindarrak abenduan argitaratu zuen Gipuzkoako Dantza-maisuen puntuak eta aldairak liburuaren proiektuaren lehen piztaile nagusia ere izan zen Andres. Hark animatu eta bultzatu zuen Sarriegi lan hori metodo zientifikoz burutzera. “Joxalbertori, esker onez” eskainia eta eskertua dago Sarriegiren liburua, horregatik.
“Hona hemen, laguna, munduaren gurpila, etengabe biran bere sasoi eder eta loretsuekin. Helduiozu eskutik, laguna, zeure bidea gal ez dezazun; bil ezazu ahal duzun guztia, laguna. Hortxe duzu bizitza dantzan: emaiozu eskua, laguna. Eta, batez ere, ez gelditu, bestela hark utziko baitzaitu: ez ahaztu bizitzea, laguna”. Polettiren poema horrekin gogoratu zuen Sarriegik Joxalberto Andres Zurutuza laguna eta etnografoa, liburuaren atalaurrean.
Argazkiak: Aimar Maiz Morea

Joxalberto Andres, bizkarrez, 2017an Ataunen, Fermin Leizaolarekin hizketan. /Aimar Maiz

Joxalberto Andres, Juantxo Agirre (Aranzadi) eta Juan Joxe Agirre (Lazkaoko Beneditarren Bibliotekako burua), 2017an, Ataunen. /Aimar Maiz

Joxalberto Andres, Joan Arinen lanen bilduma-liburuaren aurkezpenean, Ataunen 2018an. /Aimar Maiz

Andres, 2015ean, Zaldibiako kultur etxean, orduko alkate Joxan Etxaberekin. /Aimar Maiz

Andres, Intsustiko Batasuneko XVIII. mendeko mugarriarekin, Zaldibiako kultur etxean, 2015ean. /Aimar MaizAimar Maiz