Noir Socha eta Esanezin, IX. Katapulta Tour Gipuzkoan hautatuak
Musikako 121 eta arte eszenikoetako 18 proiektu aurkeztu dira aurten programan. Gaur jakinarazi dituzte hautatutako hamar taldeak, eta tartean daude Esanezin eta Noir Socha goierritarrak.
Ianire Aranzabe altzagarra buru duen Esanezin taldea eta Noir Socha talde ordiziarra IX. Katapulta Tour Gipuzkoan parte hartzeko aukeratu dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Kutxa Fundazioak sustatutako formatu txikiko musika eta arte eszenikoen programa da. Hainbat taldek aurkeztu dituzte proiektuak, eta gaur jakinarazi dituzte hamar hautatuak.
Musikako 121 proiektu eta arte eszenikoetako 18 proiektu aurkeztu dituzte aurten. Esanezin eta Noir Socha-z gain, Akaleia, Erromintxelak, Indabe, Latido, Pelax eta The Donkey Riders musika taldeak aukeratu dituzte, eta Kalte Kolektiboa eta Lauzpabost Stand Up arte eszenikoetan.
Bederatzigarren edizioan, programak aukera emango die taldeei zuzeneko lau emanaldi egiteko, prestakuntza programa bat egiteko eta entsegu-espazioak izateko. Helburua musikako eta arte eszenikoetako proiektuei profesionalizaziorako bidean laguntzea da. Hautatutako taldeek 400 euroko diru laguntza emango zaie emanaldi bakoitzeko. Goizane Alvarez Aldundiko kultura diputatuaren hitzetan, “Katapulta Tourrekin tokiko talentua bultzatu” nahi dute, “proiektu artistikoak profesionalizatzeko”.
Ianire Aranzaberekin batera, Arri Iraetak, Iñigo Asensiok eta Imanol Rubiok osatzen dute Esanezin. Noir Socha-ko taldekideak dira Suso Donsion Alegre, Iban Martin Lemiña, Xabier Lopez Atxega, Joseba Basarte Galarza eta Joseba De Arriba Madrazo.