Axariak agurtu ditu sanblasak
Eguraldia lagun jende «askok» hartu du parte jaietan. Xabier Agirrek irabazi du 35. San Blas txirrindulari proba. Musika egunero izan da protagonista.
Axariaren igoerarekin amaitu ziren atzo iluntzean San Blas jaiak Idiazabalen. Eguraldia lagun, «jende asko» ibili da antolatutako ekintza guztietan, Iñaki Alberdi alkateak esan duenez. Askotariko ekintzak izan dira jaietako bigarren asteburua izan den honetan, eta «jai giroa» nagusi izan da egun guztietan.
Atzo, Iban Urdangarinen eta Oihana Iguaranen bertso saioarekin hasi zuten eguna. Florentino Goibururen omenezko I. Bertsopaper lehiaketako sariak ere banatu zituzten. Iñigo Legorburu hernaniarrarentzat izan ziren lehendabiziko bi sariak. Idiazabalgo lehendabiziko saria Aloña Galarragak irabazi zuen.
Jaietako egun handia izan zen larunbatean, San Blas egunez. Erroskilla bedeinkazioa eta agintarien soka dantza izan ziren, ohiturari jarraituz. 35. San Blas txirrindulari proba ere jendetsua izan zen larunbat goizean. Xabier Agirrek irabazi zuen helduen mailan. Ainhoa Marquinez izan zen nesketan, aurkeztu zen bakarra eta Xabier Intxaustiri sari berezia eman zioten edizio guztietan parte hartzeagatik.
900 lagunentzako paella
Paella jana arrakastatsua izan zen beste behin, «900 pertsona» bildu ziren plaza nagusian, Andoni Ollokiegik girotutako bazkarian. Iluntzean, helduen danborrada izan zen. Ostirala lan eguna izanik, arratsaldean nabaritu zen festa giroa. Goizean, Axariaren jaitsiera izan zen eta Aldaize herri aldizkariko lan taldeak bota zuen pregoia.
Mozorro eguna ere izan zen ostiralean eta kuadrilla asko animatu ziren topaketara. Gaueko sagardotegi erraldoian ere jende ugari bildu zen, «300 bat lagun», orotara. Ostegunean, playbacka eta futbito txapelketako finala jokatu ziren. Beertrunken taldea izan zen txapelduna, Moredari 6 eta 2 irabazita.
Musikak ere izan du protagonismoa jaietan. Starblues eta Muni ZZ, Janus Lester, Itzal edo Mariachi Amatitan taldeak igo dira, besteak beste, oholtzara. Jaiekin asebeteta, datorren urtera arte agurtu da Axaria.